Altzibarren 132 etxebizitza eraikitzeko urbanizazio proiektua onartu dute
Altzibarko Olalde eremuko urbanizazio proiektua behin betiko onartu du Udaleko hirigintza batzordeak. Aste honetan gobernu batzordeak onartuko du. Olaldeko eremuan babes ofizialeko 91 etxebizitza eta tasatutako 41 eraikiko dituzte; guztira, 132 etxe. 132 etxebizitzak lau bloketan eraikiko dituzte. Hiru eta bost solairu arteko eraikinak izango dira. Altzibarren eraikiko diren etxebizitza tasatuak Udalak zozkatuko ditu. Babes ofizialeko etxebizitzak nola banatuko diren zehazteko, bestalde, aste honetan bilduko da Udala Etxebiderekin. Orain, urbanizazio lanak esleitzeko prozesua martxan jarriko du Udalak. Martxoko udalbatzarrean onartu ondoren jarriko dute martxan tramitazioa eta uda hasi aurretik lanak esleitzea da asmoa. Orduan, lanak hasteko moduan egongo dira. Urbanizazio lanak hiru fasetan garatuko dituzte eta guztira, urte eta erdi inguru beharko dituzte. Olaldeko etxebizitzen oinarrizko proiektua ere epe laburrean prest izatea ere aurreikusi du Udalak. Informazio gehiago jaso nahi duenak, Udalaren Etxebizitza Bulegora jo dezake: Fermiñene etxea, Aialde kaleko 2. zenbakian, edo 943 49 10 00 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Egitasmo horrekin legealdirako jarritako helburutako bati erantzuna emango dio Udalak: “Oiartzuarrok etxebizitza duin baterako dugun beharrari emango diogu erantzuna, hain zuzen”. Udaletik nabarmendu dutenez, bide horretan ugariak izan dira legealdian egindako lanak: “Bereziki, hirigintzako Arau Ordezkatzaileen errebisioaren bitartez. Arau horiek, jada, behin betiko onartuta [...]
Altzibarko Olalde eremuko urbanizazio proiektua behin betiko onartu du Udaleko hirigintza batzordeak. Aste honetan gobernu batzordeak onartuko du. Olaldeko eremuan babes ofizialeko 91 etxebizitza eta tasatutako 41 eraikiko dituzte; guztira, 132 etxe.
132 etxebizitzak lau bloketan eraikiko dituzte. Hiru eta bost solairu arteko eraikinak izango dira. Altzibarren eraikiko diren etxebizitza tasatuak Udalak zozkatuko ditu. Babes ofizialeko etxebizitzak nola banatuko diren zehazteko, bestalde, aste honetan bilduko da Udala Etxebiderekin.
Orain, urbanizazio lanak esleitzeko prozesua martxan jarriko du Udalak. Martxoko udalbatzarrean onartu ondoren jarriko dute martxan tramitazioa eta uda hasi aurretik lanak esleitzea da asmoa. Orduan, lanak hasteko moduan egongo dira. Urbanizazio lanak hiru fasetan garatuko dituzte eta guztira, urte eta erdi inguru beharko dituzte.
Olaldeko etxebizitzen oinarrizko proiektua ere epe laburrean prest izatea ere aurreikusi du Udalak.
Informazio gehiago jaso nahi duenak, Udalaren Etxebizitza Bulegora jo dezake: Fermiñene etxea, Aialde kaleko 2. zenbakian, edo 943 49 10 00 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Egitasmo horrekin legealdirako jarritako helburutako bati erantzuna emango dio Udalak: “Oiartzuarrok etxebizitza duin baterako dugun beharrari emango diogu erantzuna, hain zuzen”. Udaletik nabarmendu dutenez, bide horretan ugariak izan dira legealdian egindako lanak: “Bereziki, hirigintzako Arau Ordezkatzaileen errebisioaren bitartez. Arau horiek, jada, behin betiko onartuta daude. Ondorioz, horiek garatzeko garaian gaude eta babestutako etxebizitzen egitasmoak lehenetsi ditugu”.
Eusko Jaurlaritzako Etxebide zerbitzuak emandako azken datuen arabera, 587 oiartzuarrek dute izena emana babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko. 488k babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu nahiko lukete eta 166k etxebizitza tasatua.
Egitasmo gehiago
Aurrerantzean bide beretik jarraitzeko asmoa du Udalak: “Altzibarkoaz gain, Arragua auzoko proiektua ere nahikoa aurreratuta dago jada”. Auzo horretan babes ofizialeko 212 etxebizitza eta salneurri tasatuko beste 82 eraikitzea aurreikusi dute: “Hortaz, epe motz/ertainean egun dauden beharrei erantzuteko etxebizitza banku berri bat izango dugu: 300 babes ofizialeko etxebizitza eta beste 123 salneurri tasatukoak”.
Horrez gain, bestelako neurriak ere jorratu behar direla uste du Udalak: Etxebizitza hutsak berrerabiltzeko egitasmoak, auzolanean garatutako proiektuak… “Dena behar bezala joanez gero, epe motzean horien inguruko proposamen edo egitasmo berriak eskuartean izatea espero dugu”, jakinarazi dute Udaletik.

