Udal jardunaldiak egingo ditu ezker abertzaleak larunbatean
ezker abertzaleak udal jardunaldiak egingo ditu Herri programa zure ahotsa gure hitza kanpainaren baitan
Maiatzaren 22an izango diren Udal eta Foru hauteskundeen harira, Ezker Abertzaleak Herri Programa osatzeko ekimena jarri zuen martxan otsailaren 14an. 2011 Herri Programa zure ahotsa gure hitza kanpainaren bidez “herritarren ekarpenak, guztien ahotsa jaso izan nahi dugu, guztion artean herri programa osatu ahal izateko” azaldu dute.
Herritarren ekarpenak jasotzeko epea, martxoaren 4an amaitu zen “eta jasotako ekarpen guztiak bilduta, udal jardunaldiak egingo ditugu” azaldu dute talde abertzaleko kideek. Hala ere, webgunean ekarpenak egiten jarraitzeko aukera eman du ezker abertzaleak. Interesadunek www.oreretakoezkerabertzalea.wordpress.com orrialdean sartu beharko dute ekarpenak egiteko.
Herri programa landu
Etzidamu goizeko hamarretan hasiko dira udal jardunaldiak Erdialdeko auzo elkarteko egoitzan. Aipatu jardunaldietan, “herri programa arloka landuko dugu ordu eta erdiz, orain arteko ondorioak konpartitu eta azken ekarpenak biltzeko” azaldu dute ezker abertzaleko kideek. Atsedenaldiaren ostean, udalaren egoera ekonomikoa aztertuko dute “eta ezker abertzalearen proposamena aurkeztuko dugu” gaineratu dute.
Ezker abertzaleak, jardunaldietan parte hartzeko deia luzatu die herritar guztiei.
