Berdintasun kontseilua hasi da lanean
berdintasun kontseiluaren aurkezpena
Berdintasun Kontseilua aurkeztu zuten joan den ostiral arratsaldean Errenteria Hiria Kultur Gunean. Ekitaldia aurkeztu zuen Itziar Gomezek, kontseilua”errealitate gazi gozoa aldatzeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte berria elkarrekin eraikitzeko” sortu dutela azaldu zuen. Halaber, Berdintasun Kontseiluaren helburuak banan bana azaldu zituen, lepo zegoen arteoaren aurrean. Besteak beste, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren alde lan egin nahi duten pertsonen eta eragileen sarea sortzea; emakumeen parte hartzea eta protagonismoa bultzatzea; udal berdintasun planaren garapena bermatzea; berdintasuna bultzatzeko ideia berritzaileak sustatzea; eta udalerri mailan berdintasunaren aldeko hainbat ekimen sustatzea izango dira Berdintasun Kontseiluaren helburuetako batzuk. Hala bertan parte hartzera deitu dituzte herritar, elkarte eta eragileak “Berdintasun Kontseilu hau, parte hartzean oinarrituta baitago eta berdintasunaren alde lan egin nahi duen orok baitu tokia kontseiluan”.
Bestetik, Ainara Lasak eta Iñigo Legorburuk sariak jaso zituzten. Lehenengoak Berdintasun Kontseiluaren irudia izango den logoa egin du; bigarrenak, Mariasun Landa kazetaritza lanen lehiaketa irabazi du. Azken sariketaren helburua “emakumeei ahotsa ematea da” Mariasun Landa idazle errenteriarrak berak azaldu zuenaren arabera.