Ane eta Andoni Cazorla Espainiako Txapelketara, etxean txartela eskuratuta
Bi aste barru Andoni eta Ane Cazorla judoka lezoarrak Villaviciosa de Odonen (Madril, Espainia) izango dira, 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Bertan parte hartzeko txartela, gainera, etxean lortu zuten. Herenegun Bekoerrota kiroldegian 20 urtez ...
Bi aste barru Andoni eta Ane Cazorla judoka lezoarrak Villaviciosa de Odonen (Madril, Espainia) izango dira, 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Bertan parte hartzeko txartela, gainera, etxean lortu zuten.
Herenegun Bekoerrota kiroldegian 20 urtez azpiko ipar sektoreko fasea jokatu zuten. Bertan Hego Euskal Herriko, Aragoiko eta Errioxako judokek hartu zuten parte. Aurretik euren erkidegoko finalean txartela eskuratu zuten kirolari horiek guztiek, tartean Usurbil Judo Taldeko Cazorlatarrek.
Biek ala biek txapelketa bikaina jokatu zuten. Anek, nesken 63 kiloz azpiko kategorian, ippon bidez gainditu zituen arerioak, lehenengo minutua bete baino lehen. Andonik, bestalde, bigarren postua eskuratu zuen mutilen 81 kiloz azpiko kategorian. Finalean, Jonathan Crespo aragoiarra ezin izan zuen gainditu.
“Maila handiko fasea”
Beñardo Cazorla Allerru Judo Taldeko arduradunak adierazi duenez, “aurrekontu txikiarekin eta guztien laguntzarekin, Euskal Judo Federazioak argi utzi du maila handiko ipar sektoreko fase bat antolatu duela, kiroldegi paregabe batean”. Gaineratu duenez, antolakuntza “hobetu daitekeen arren, zerbitzu oso onak eta ikuspegi paregabeak eskaini zizkien kiroldegiak judokei”.