Erakusketa dendetan
Ekainean zehar Errenteria-Oreretako hainbat dendetako erakusleihoak ez dira bakarrik dendetako produktuen erakustoki izango, baita margolanen erakustoki ere. Gaur Errenkoalde merkatarien elkarteak eta Xpressionk kultur elkarteak ErrenkoArte proiektua a...
Ekainean zehar Errenteria-Oreretako hainbat dendetako erakusleihoak ez dira bakarrik dendetako produktuen erakustoki izango, baita margolanen erakustoki ere. Gaur Errenkoalde merkatarien elkarteak eta Xpressionk kultur elkarteak ErrenkoArte proiektua aurkeztu du. “Herriko kaleak arte erakusketa erraldoi bihurtuko dira”, zehaztu dute.
“Erakusketa irekia, doakoa eta 24 orduz jendearen eskura dagoena” izatea nahi dute antolatzaileek, eta bide batez, herriko eta inguruko artistei euren margolanak ezagutzera emateko balioko diena. Modu horretara, herriko merkataritza ere sustatu nahi dute.
Guztira, Erdialdeko eta Iztietako hogei komertziok parte hartu dute ekimen horretan. Gainera, gehienak, hamar bat, Biteri kalekoak izango dira. Hala, “ibilbide artistiko bat” proposatuko dute kaleetan barrena.
Artista guztiei parte hartzeko deialdia luzatu diete antolatzaileek. Ez dute mugarik jarri ez estilo aldetik ezta aurkeztu daitezkeen kopuru aldetik ere. Hori bai, lanak formatu txikikoak izango dira (40×40 gutxienez eta 120×120 gehienez).
Lanak aurkezteko artistek argazki digitalak erabili beharko dituzte, eta haien izenburuak, neurriak eta azalpen txiki bat eman beharko dituzte, egilearen datuekin batera. Horretarako, maiatzaren 9ra arteko epea izango dute, eta Xpressionk-ren bidez (jokin@xpressionk.net) edo Errenkoalde merkataritza elkartearen bidez (errenkoalde@errenkoalde.org) egin dezakete.