Etzi jakinaraziko dituzte egoera politikari buruzko hitzaldi zikloko ondorioak
Gaztediren lokalean egin zituzten egoera politikoari buruzko hitzaldi zikloetatik ateratako ondorioak ostiralean jakinaraziko dituzte antolatzaileek, herritar talde batek. 2010eko otsailean Brian Currin nazioarteko bitartekariaren hitzalditik hasita, a...
Gaztediren lokalean egin zituzten egoera politikoari buruzko hitzaldi zikloetatik ateratako ondorioak ostiralean jakinaraziko dituzte antolatzaileek, herritar talde batek. 2010eko otsailean Brian Currin nazioarteko bitartekariaren hitzalditik hasita, aurtengo abenduan hartu zituzten berriro giza eskubide eta erabakitzeko eskubideari buruzko zikloak.
Hala, hortik ateratako ondorioak izango dira ostiralean azalduko dituztenak. 19:00etan jarri dute hitzordua, Errenteria Hiria Kulturgunean, eta ordu erdi inguru iraungo duela aurreratu dute. Herritar guztiei irekia dagoela esan dute.
Horrenbestez, herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek: “Helburu horiek partekatzen ditugunok kulturgunea bete dezagun”. Hala, batetik, 2010eko otsailan Currinen “hitzaldi arrakastatsura” joan zirenei, eta bestetik, 2010eko abendutik aurrera Kaputxinoetako parrokiko lokaletan izandako saioetan parte hartzeko joera izan dutenei egin diete deialdia.
Hitzaldi ziklo horiek abenduan, eta otsailetik apirilera izan ziren, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, 30-40 lagun inguru izan dira hizlarien aurrean, “eta politika joera ezberdinetakoak, eta horietako asko ezagunak herrian antolatutako hainbat ekintzetan.”
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, solasaldi horietan “erabakitzeko eskubidea partekatzen duten lehen mailako alderdi politiko nagusietako buruek” parte hartu zuten: Joseba Egibar, Eugenio Etxebeste Antxon, Aintzane Ezenarro, Mikel Arana, Oskar Matute eta Iñaki Galdos. Azken bi hitzaldietan, giza eskubideak eta erabakitzeko eskubideak bezalako gai zehatzak landu zituzten.
