Lezoko Udala herriko baserritarrekin bilduko da gaur zortzi, Gezala Auditoriumean. Bilera 19:00etan hasiko da. Jorratuko duten gaia Gaintxurizketan Foru Aldundiak eraiki nahi duen plataforma logistikoa izango da. Izan ere, Jon Legorburu Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Etorlur enpresako kideak, Aldundiak aginduta, baserri eta industriaguneetara joan da neurketak egitera. Gaintxurizketako baserritarrei informazioa helarazi nahi die Udalak, apirilaren 20an industriaguneko langile eta enpresetako jabeekin egin zuen moduan. Hala ere, ez da aztertuko duten gai bakarra izango, hirigintza plana ere hizpide izango baitute. Informazio “okerra” Haritz Salaberria Lezoko alkateak adierazi duenez, “informazio okerra” zabaltzen ari dira Etorlur enpresakoak bai baserrietan baita industraiguneko lantokietan. Gogorarazi du duela hilabete batzuk Udalak informazioa lortzeko eta hori zabaltzeko ardura hartuko zuela. Horren harira datoz hilaren 12ko bilera zein apirilaren 20koa. Gaintxurizketako bizilagunei datorren ostegunekoan parte hartzeko deia luzatu diete Udal Gobernu Taldeko kideek. Datozen egunetan baserrietara helaraziko dute deialdia. Baserritarren kezkak zeintzuk diren jakin nahi du Lezoko Udalak. Iaz ere egin zuten bilera baserritarrekin eta legegintzaldia bukatu aurretik beste bat egitea da helburua. Alkateak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gaiari buruz hitz egin dute eta lehen eskuko informazio hori partekatu nahi dute. Etorlur enpresaren lanak ahaztu eta “lasai egoteko” esan die Salaberriak baserritarrei zein industriaguneko langileei: “Plataforma logistikoa [...]
Lezoko Udala herriko baserritarrekin bilduko da gaur zortzi, Gezala Auditoriumean. Bilera 19:00etan hasiko da. Jorratuko duten gaia Gaintxurizketan Foru Aldundiak eraiki nahi duen plataforma logistikoa izango da.
Izan ere, Jon Legorburu Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Etorlur enpresako kideak, Aldundiak aginduta, baserri eta industriaguneetara joan da neurketak egitera. Gaintxurizketako baserritarrei informazioa helarazi nahi die Udalak, apirilaren 20an industriaguneko langile eta enpresetako jabeekin egin zuen moduan.
Hala ere, ez da aztertuko duten gai bakarra izango, hirigintza plana ere hizpide izango baitute.
Informazio “okerra”
Haritz Salaberria Lezoko alkateak adierazi duenez, “informazio okerra” zabaltzen ari dira Etorlur enpresakoak bai baserrietan baita industraiguneko lantokietan. Gogorarazi du duela hilabete batzuk Udalak informazioa lortzeko eta hori zabaltzeko ardura hartuko zuela. Horren harira datoz hilaren 12ko bilera zein apirilaren 20koa. Gaintxurizketako bizilagunei datorren ostegunekoan parte hartzeko deia luzatu diete Udal Gobernu Taldeko kideek. Datozen egunetan baserrietara helaraziko dute deialdia.
Baserritarren kezkak zeintzuk diren jakin nahi du Lezoko Udalak. Iaz ere egin zuten bilera baserritarrekin eta legegintzaldia bukatu aurretik beste bat egitea da helburua. Alkateak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gaiari buruz hitz egin dute eta lehen eskuko informazio hori partekatu nahi dute.
Etorlur enpresaren lanak ahaztu eta “lasai egoteko” esan die Salaberriak baserritarrei zein industriaguneko langileei: “Plataforma logistikoa Lurraldeko Zatikako Planaren barnean dagoen egitasmoa da eta plan hori oraindik ez dute onartu. Ikusten ari gara kanpo kaiarekin zer gertatzen ari den eta zenbat buelta ematen ari diren, eta plataforma kanpo kaiari erabat lotuta dagoen proiektua da”. Gainera, plataformaren bideragarritasun ekonomikoa zein teknikoa aztertu gabe dagoela oroitarazi du Salaberriak. Berriro ere lasaitasunaren alde egin du alkateak.
Mahai-ingurua, Oiartzunen
Gaur arratsaldean plataforma logistikoaren gaineko mahai-ingurua egingo dute Oiartzunen (ikus deialdiaren informazioa 5. orrialdean). Legorburuk lezoar guztiak zein industriagunean lan egiten dutenak gonbidatu ditu Oiartzungo hitzaldi horretan parte hartzera. Salaberriak eta Pavel Viñas Oiartzungo zinegotziek hitzaldia eman ondoren, bertaratuko direnek izango dute hitz egiteko aukera.
Izan ere, uste du “momentu garrantzitsua” dela gaur egungoa, Aldundia jabe pribatuengana joan den momentua delako. Iritzi duenez, Aldundia “herritarrengan beldur pixka bat zabaltzen hasi da, Lurraldeko Zatikako Planaren barnean dauden gauzak egiten hasi direlako”. Horregatik, herritarrek “erantzuteko” garaia dela adierazi du.