Pozik daude Bilduren gaineko erabakiarekin
Pasa den ostegun gauean, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko plenoak Bilduren zerrenda guztiak onartu zituen, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen berberak. Epaileen bozketa estua izan zen: seik eman zuten Bildu hauteskundeetan egoteko aldeko botoa eta seik, berriz, kontrakoa.
Koalizio subiranistaren hautes zerrendak bozkatu ahal izango dituzte herritarrek, bai udaletarako zein Gipuzkoako Batzar Nagusietarako. Hitzak, pasa den astean Auzitegi Gorenaren erabakiarekin egin zuen bezala, Oarsoaldeko eta Bidasoko ordezkari politiko batzuen iritzia jaso du.
Xabier Pombo
Ezker Batuko Pasaiako alkategaia
«Bil hauteskundeetatik kanpo uztea atzerapausoa izango litzateke»
«Erabaki positiboa izan da Auzitegi Konstituzionalak hartu duena. Aurrerapausoa da, baina benetako aurrerapausoa Alderdien Legea bertan behera uztea izango litzateke. Bildu udal hauteskundeetatik kanpo uztea atzerapausoa oso garrantzitsua izango litzateke. Hala ere, Bildu auzitegietara eramanda, PSOEk jarrera politikoa erakutsi du, PPren presioagatik. Gainera, eskuak garbitu ditu gerora alderdi sozialistak».
Bixen Itxaso
PSE-EEko Pasaiako alkategaia
«Auzitegi Konstituzionalaren erabakia denentzako ona da»
«Pasa den astean esan nuen Auzitegi Konstituzionalak aldeko erabakia emango zuela, nahiz eta politikan ez den oso ohikoa arriskatzea. Baina argi neukan, Espainiak duen sistema juridiko-politikoak badakielako egoerak bereizten. Eskubideen erabiltzea ezin da era murriztailean aplikatu, modu hedagarrian baizik. Batzuek diote erabaki politikoa dela, baina nire ustez epai politikoa Auzitegi Gorenak eman zuena da. Auzitegi Konstituzionalarenak izaera juridikoa da. Normalizazioaren eta elkarbizitzaren ikuspuntutik, arriskutsua izan zitekeen beste mota bateko epai bat. Gainera, Zuzenbide Estatua ez zen egiaztatuko Bilduren zerrendak ez balitu onartuko eta modu honetan egiaztatu da Zuzenbide Estatua. Estatuaren malgutasuna muturreraino eraman dute eta hartu beharreko erabakia juridikoa izan behar zuen eta ez politikoa. Epaia denentzako ona da: polo subiranista bultzatu dutenentzako, gizartearentzako, Zuzenbide Estatua bermatzen delako eta eskuin muturraren aurpegian muturrekoa delako».
Miriam Cano
Hamaikabateko Pasaiako alkategaia
«Erabaki zentzudun horrekin demokraziak irabazi du»
«Pozik nago erabakiaren. Azken finean, hori zen eskatzen genuena. Alegia, denak konfrontazio demokratiko batean egotea. Normaltasun demokratiko bidera darama horrek eta ikusiko dugu nora doan dena. Itxaropena jarri nuen Konstituzionalaren erabakian, baina ez zegoen errealitatean oinarrituta, nahi batean baizik, niretzako Auzitegi Konstituzionala oso urruti gelditzen delako. Hautagaitza guztiak baldintza berberetan gaude orain, eta aurrera begiratu behar dugu. Erabaki zentzudun horrekin demokraziak irabazi du».
Haritz Salaberria
Lezoko alkatea (ezker abertzalea)
«Erabakiaren atzetik herriaren bultzada politikoa dago»
«Pozgarria da berria, baina oraindik neurtutako poza dela. Ezin dugu pentsatu dena gaindituta dagoenik. Oraindik bidea luzea egin behar dugu egoera normalizatu arte, baina pausoa pozgarria da. Epaitegi baten erabakia da, bai, baina horren atzetik herri honen bultzada politikoa dago. Aurrera egiten badugu, herria hor dagoelako da».
Iñigo Imaz
Aralarreko Batzar Nagusietarako zerrendaburua
«Alderdien Legeak hor jarraitzen du; bertan behera utzi behar dute»
«Balorazio positiboa da Aralarrek egiten duena. Hala ere, Batasunak legez kanpo jarraitzen du eta, ondorioz, alderdi guztiak ezin dira aurkeztu, baina Euskal Herrian dauden aukera ezberdinak bozkatu ahal izango dira. Hauteskunde kanpaina hasi baino lehenago esaten genuen ez genuela ikusten Bildurik gabeko hauteskunderik, baina ikusten dugu azkenean Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren erabakia atzera bota duela. Egia da Alderdien Lege antidemokratikoa hor dagoela eta PPri eta PSOEri eskatzen diegu bertan behera uzteko».