Xabier Iridoy (EAJ): “Datozen urteetan udaletxearen ahaleginak euskararen erabilera zabaltzera zuzendu behar dira”
Hauteskunde ekitaldia egin du gaur goizean Irungo EAJk Pio XII plazan. Bertan, Xabier Iridoy zerrendaburuak bere sutez Udalean euskara politikak nolakoa izan behar duen azaldu du. Hala, Iridoyren arabera, “euskararen etorkizuneko erronka bere era...
Hauteskunde ekitaldia egin du gaur goizean Irungo EAJk Pio XII plazan. Bertan, Xabier Iridoy zerrendaburuak bere sutez Udalean euskara politikak nolakoa izan behar duen azaldu du. Hala, Iridoyren arabera, “euskararen etorkizuneko erronka bere erabileran” dago. Datozen urteetan Udalaren ahaleginak esparru desberdinetan euskararen erabilera areagotzera zuzendu behar direla esan du, “baita erabilera eremu berriak aurkitzera eta beste batzuk sendotzera, benetako elebitasuna lortzeko estrategia baten barruan”, azaldu du hautagai jeltzaleak.
Hala, EAJko hautagaiaren arabera, “EAJn argi dugu euskal gizartea bereizten duen zerbait baldin badago, hori ongi definitutako nortasuna ematen digun balio batzuk edukitzea dela. Toki eremutik balioan jar daitezken kultura eta hizkuntza propioak ditugu”. Horregatik, euskararen erabilera sustatzeko hainbat neurri proposatu ditu, honakoak: “Nerabeentzat kultura, kirol eta aisialdi ekintzak antolatzea eskola orduetatik kanpo euskara erabil dezaten; euskarazko kontsumorako produktuen ekoizpena eta distribuzioa sustatzea; euskararen erabilera sustatuko dugu udaletxe barruan eta baita udaletxe eta hiritarren artean ere; hizkuntza hau sustatzen duten eragile eta elkarteekin elkarlana egingo dugu eta, azkenik, merkataritza, enpresa, aisialdi eta kultur jarduerak bezalako gizarte esparru zehatzetan euskararen erabilera areagotzea babestuko dugu”.