ELA sindikatuak mendeurrena bete duela eta erakusketa ibiltaria antolatu dute
ELAk mendeurrena ospatuko du
Mendeurrena bete duela ospatzeko Oarso Bidasoko ELA sindikatuak erakusketa ibiltaria antolatu du. Bertan 1936ko gerra aurreko eta ondorengo artxibo historikoarekin batera,Oarsoaldean azken 30 urteetan izan diren langileen borroken argazkiak bildu ditu ELA sindikatuak.
Bi egunez Errenteriako ELA sindikatuaren egoitzan izan ostean,etzi helduko da erakusketa ibiltaria Irungo ELA-ren egoitzara eta bi egunez ikusi ahalko dute interesa dutenek 11:00etatik aurrera.
Urteurrenaren ospakizunen barruan, ELA sindikatuko ordezkaritza batek Irungo Ramon Agesta afiliatua omenduko du etzidamu Mendibilgo Inmakulada Zaharren egoitzan 10:30ean: «97urte ditu Agestak, eskualdeko militanterik zaharrena dugu eta horregatik omenaldi xumea egingo diogu» azaldu du Xabier Perez Oarso Bidasoko ELA sindikatuko arduradunak.
Lorpenak kolokan
Errenteriako ELAren egoitzan gaur eguerdian egindako agerraldian, sindikatuaren 100 urteko historiari errepaso laburra egin dioXabier Perezek. Besteak beste Primo de Riveraren diktadura, 36. urteko gerra, eta Frankoren heriotza izan ditu hizpide ELAko Oarso Bidasoko arduradunak: «garai gogorrak izan ziren orokorrean eta baita gure sindikatuko kide zirenentzat».
Beste arrazoeingatik egungo egoera errazagoa ez dela nabarmendu du ondoren «garai haietan argi genuen zein aldetan egon behar genuen, non zeuden kapitalistak eta zapaltzaileak, jendea lantegietan modu naturalean sartzen zen langile kolektiboetan. Egun, 100 urteetan borroka luzeekin izandako lorpen guztiak kolokan daude, herrialde mailako hitzarmenak tartean». Horren harira egungo gazteek duten «meritu handia» nabarmendu du : «askok egungo gazteek balorerik ez dutela esaten badute ere, egunero ikusten dugulako ez dela horrela».
Ordezkaritza gora
Horren adibide gisa lantegietako hauteskundeak aipatuditu Perezek «18 eta 22 urte arteko gazte asko aukeratzen ditugu astero eta enpresen jazarpenari aurre egin behar izaten diote ordezkari sindikalak izate hutsagatik. Kasu askotan bestelako aitzakiak erabilita noski, sindikalagintzan aritzeagatik kaleratzen dituzte, eta hori gaur egun gertatzen da».
Gaur egindako agerraldian Oarso Bidasoako lantegietan lortutako ordezkaritzak «gora egin duela» azaldu du eskualdeko arduradunak: «izan ere, 1980 urtean%36,8koa zen eta gaur egun %42,9koa da. Oarso Bidasoako datuak emateko garaian Elizondotik Pasaiarainoko herriak hartzen ditugu kontuan» zehaztu du Perezek.