Gipuzkoako bigarrena Gaztelumendirentzat eta hirugarrena Gran Solentzat
Bigarren postua eskuratu du Irungo Gaztelumendi tabernak eta hirugarrena aldiz Hondarribiko Gran Sol tabernak Gipuzkoako Pintxo Txapelketan. Astelehenean ospatu zuten Donostiako Ayete auzoko Palacio hotelean eta Gipuzkoako Barman Elkarteak antolatutak...

Bigarren postua eskuratu du Irungo Gaztelumendi tabernak eta hirugarrena aldiz Hondarribiko Gran Sol tabernak Gipuzkoako Pintxo Txapelketan. Astelehenean ospatu zuten Donostiako Ayete auzoko Palacio hotelean eta Gipuzkoako Barman Elkarteak antolatutako txapelketaren lehenengo postua Tolosako Amets tabernako Aitor Riañok eskuratu zuen.
Horrela Felix Manso eta Angela Basabe irundarrak Gipuzkoako azpitxapeldunak izan dira, eta Mugan Ibilbideko V. edizioko pintxo bera aurkeztu dute: No toques los huevos. Hirugarren postua aldiz, Bixente Muñoz hondarribiarrarentzat izan da, eta txapelketarako pintxo berezia prestatu du: El pintxo de la señorita Pepis.
Eskualdeko 8 taberna
Txapelketan parte hartu duten 23 sukaldarietatik, txapeldunez gain, Irundik ondorengo taberna eta jatetxek parte hartu dute: Danako, Sargia, Orrua eta Manolo. Hondarribitik aldiz: Batzokia eta Goxodenda. Angela Basabek, irundar sukaldarien parte hartzea nabarmendu zuen, “bigarren postuarekin pozik gaude, baina herrian txapelketan parte hartzeko maila dugun sukaldariak izatea oso positiboa da”. Bestetik, Bixente Muñoz pozik azaldu zen, “hirugarren postua eskuratzea ondo dago, mailak gora egiten du urtetik urtera”.
