Gobernu Taldea: “Udalaren hizkuntza politika Gipuzkoako onenetakoa da”
Kontseiluak egindako azterketaren arabera, Euskal Herri osoan aztertu diren 166 herrien artean, euskara politika onenetarikoa du Oiartzunek. 10etik 9,31 puntu jaso ditu Oiartzungo Udalaren hizkuntza politikak. Hizkuntza politika egokienak dituzten lehenengo bost herrien artean dago Oiartzun, hona zerrenda: Aulesti, Anoeta, Bermeo, Oiartzun eta Usurbil dira lehenengo bost herri horiek. Gipuzkoari dagokionez, hizkuntza politika onena duen bigarren herria da Oiartzun. Gobernu Taldea, pozik Oiartzungo Udalak pozik dago Kontseiluaren azterketaren emaitzarekin: “116 herritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu Kontseiluak, eta lehenengo postuetan egoteak Udal honen hizkuntza politika bide egokitik doala nabarmen erakusten du. Azken lau urteetan, aurrerapauso nabarmenak eman dira hizkuntza politikan, euskarari lehentasuna emanez eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen oinarriak lan-ildo gisa berreskuratuz”. Normalizaziorako plana Legegintzaldian zehar, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatzeari lehentasuna eman nahi izan dio Udal Gobernu Taldeak. Izan ere, UEMAko herri izanik, “koherenteki jokatzea da euskarari lehentasuna ematea”. Gainera, kontuan hartu nahi izan dute Oiartzungo errealitate linguistikoa: “Herritarren %80tik gora euskalduna edo ia euskalduna da”. Bide honetan, Udal Gobernu Taldearen iritziz, ezinbestekoa da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Horren harira, II. diagnostikoa egiten ari da Udala. Dagoeneko, aurkezpen orokorra egin ondoren, landuko diren ataletako lan-taldeak biltzen hasi dira: “Zazpi talde sortu dira herriko egoeraren ahalik eta [...]
Kontseiluak egindako azterketaren arabera, Euskal Herri osoan aztertu diren 166 herrien artean, euskara politika onenetarikoa du Oiartzunek. 10etik 9,31 puntu jaso ditu Oiartzungo Udalaren hizkuntza politikak.
Hizkuntza politika egokienak dituzten lehenengo bost herrien artean dago Oiartzun, hona zerrenda: Aulesti, Anoeta, Bermeo, Oiartzun eta Usurbil dira lehenengo bost herri horiek. Gipuzkoari dagokionez, hizkuntza politika onena duen bigarren herria da Oiartzun.
Gobernu Taldea, pozik
Oiartzungo Udalak pozik dago Kontseiluaren azterketaren emaitzarekin: “116 herritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu Kontseiluak, eta lehenengo postuetan egoteak Udal honen hizkuntza politika bide egokitik doala nabarmen erakusten du. Azken lau urteetan, aurrerapauso nabarmenak eman dira hizkuntza politikan, euskarari lehentasuna emanez eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen oinarriak lan-ildo gisa berreskuratuz”.
Normalizaziorako plana
Legegintzaldian zehar, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatzeari lehentasuna eman nahi izan dio Udal Gobernu Taldeak. Izan ere, UEMAko herri izanik, “koherenteki jokatzea da euskarari lehentasuna ematea”. Gainera, kontuan hartu nahi izan dute Oiartzungo errealitate linguistikoa: “Herritarren %80tik gora euskalduna edo ia euskalduna da”.
Bide honetan, Udal Gobernu Taldearen iritziz, ezinbestekoa da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Horren harira, II. diagnostikoa egiten ari da Udala. Dagoeneko, aurkezpen orokorra egin ondoren, landuko diren ataletako lan-taldeak biltzen hasi dira: “Zazpi talde sortu dira herriko egoeraren ahalik eta diagnostikorik zorrotzena egin ahal izateko: hezkuntza; merkataritza eta ostalaritza; familia-transmisioa; lan-mundua; gazteak; hedabideak; aisialdia eta elkarteak”.
Talde horietan arlo bakoitzaren egoera aztertzen ari dira eta datozen urteetarako (2012-2017) ildo estrategikoak zehaztuko dituzte. EBPN berritzeko ekarpenak sare sozialen bidez egiteko aukera ere eskaintzen du Oiartzungo Euskara Zerbitzuak, izen horrekin Facebook, Twitter eta Tuenti sareetan dituen profilen bidez.
Bergarako UEMA Egunera
Era berean, datorren ekainaren 4an Bergaran (Gipuzkoa) ospatuko duten UEMA Egunean parte hartzeko deia egin die Udal Gobernu Taldeak oiartzuarrei: “Gure herria ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide denez, ospakizuna eta aldarrikapena batzen dituen egun honetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak”.
Aurtengo leloa Euskarak har dezan arnas da. Euskarak zenbait udalerritan arnasa hartzen duela, eta leku horiek babestu eta zaindu behar direla aldarrikatu nahi du UEMAk.
Horretarako, egun osoko egitarau oparoa antolatu du, Bergarako Udalaren laguntzarekin: hitz gurutzatuen lehiaketa; umeentzako jolasak eta tailerrak; ekitaldi instituzionala; kantu jira; herri bazkaria; dantzaldia; kontzertuak…
Goizean, 10:30ean, hasiko da UEMA Eguna, euskararen festa eguna.
