Emakumeen Liga etzi abiatuko da, Donibanen
Gipuzkoako Emakumee II Liga, arraunean, Donibanen abiatuko da, ekainaren 25ean
Arraunak girotuko ditu etzi Donibaneko sanjoanak. 17:00etan Gipuzkoako Emakumeen II. Traineru Ligako lehen estropada jokatuko da, San Juanek antolatuta.
Erlojupekoa izango da estropada eta guztira bost ontzik parte hartuko dute: Gipuzkoatik Orio, Zumaia, Getaria eta San Juan batetik, eta bestetik aurten Gipuzkoako Ligan txertatuko den Bizkaia ontzia.
Estropadan bi txanda izango dira. Hiru traineruk parte hartuko dute txanda batean, eta bik beste txandan. Txandak nola osatu eta traineru bakoitzak zein norabidean arraun egin erabakitzeko, zozketa egingo da estropadaren aurretik.
Estropada baliatuz, Pasai Donibane Koxtapek bere taldeen aurkezpena egiteko baliatuko du hitzordua. Plazan aurkeztuko ditu traineru guztietako arraunlariak San Juanek, estropada bukatuta.
Omenaldia eta erakusketa
Estropadaren aurretik bazkaria antolatu du San Juanek, 1961. eta 1986. urteetakoko Kontxako banderak irabazi zituzten arraunlariei omenaldia egin asmoz. Garaipen haien 25. eta 50. urteurrena betetzen da aurten.
Horrez gain, estropadako garaikurrak banatu eta gero, arrantzaleen kofradian argazki erakusketa inauguratuko dute, 1980-1990 hamarkadari buruzko argazki eta bideoekin.
19:30ean omenduko dituzte 1961 eta 1986 urteetan Kontxa irabazi zuten arraunlariek eta ondoren afari merienda izango da, guztiak, noski, musikarekin alaituta.
KAE 1 Liga abiatzen da
Emakumeak, hala ere, ez dira asteburuan estropada duten bakarrak. Igandean KAE1 Liga hasiko da Errioxan. El Rasillo de Camerosen jokatuko da estropada, 12:00etan eta ETBk zuzenean emango du. Txanden zozketa igandean bertan egingo dute. Hondarribiak arraun egingo du Errioxan.
KAE 2 Ligan dabiltzanak, aldiz, bi estropada dituzte asteburuan. Etzi Iberiako Bandera jokatuko dute Sestaon, 12:00etatik aurrera, eta igandean, Elantxobeko Ikurrina jokatuko dute, 12:00etan baita. Oarsoaldeatik, Hibaika, San Pedro, eta Trintxerpek parte hartuko dute.