Gastu Politikoa %40 murriztea eskatuko du biharko udalbatzan Udal Gobernu Talde berriak
Akordioa aurkeztu dute Bilduk eta Ezker Batuak lau urteetarako eta gastu politikoa murrizteko proposamena azaldu
Julen Mendoza alkateak eta Jose Manuel Ferradas Ezker Batuko bozeramaileak, datozen lau urteetarako adostu duten akordioaren berri eman dute gaur. Bildurekin batera osatuko du Udal Gobernu Taldea Ezker Batua alderdiak gaurko agerraldian azaldu dutenez. Akordioak jendartearen zati garrantzitsu baten nahiari erantzuten diola nabarmendu zuen Mendozak: “PSE-EEk 28 urtez gobernatu ostean sakoneko aldaketak egiteko aukera zabaldu da. Herritar gehienek aldaketaren alde egin dute eta arduraz jokatu dugu gizarteak eskatzen duena irudikatzen duen akordioa lortzeko”. Bidean, posizionamenduak «flexibilizatu» behar izan dituztela zehaztu du Mendozak “ezberdinen artean akordioak egiten direnean hala gertatu ohi delako. Baina herritarrek eskatutakoeri arduraz erantzun behar genion eta horregatik egin dugu halako apostua”.
Udal politikari begirako ituna
Bilduk eta EBk erdietsitako akordiaok bi zati izango ditu: bata maila orokorrekoa litzateke eta bestea udal politikari begirakoa. “Orokorra bi alderdiok eskubide guztien defentsan posizionamendu argia eta irmoa egiten dugula da, bizitzarako zein erabakitzeko eskubidearen defentsan, Euskal Herria eskubide horren subjektua dela ulertuta” azaldu du alkateak.
Udal politikari begirako itunari dagokionean, datozen lau urteetan bi ardatzetan oinarrituko dutela zehaztu du Mendozak. Hala saneamendu plana egitea izango da lehenengo ardatza eta horren barruan bihar bertan alkatetza mozioa aurkeztuko dute udalbatzan, gastu politikoa %40 murrizteko. Gastu politikoa %40 murriztuta, udalak 300.000 euro aurreztuko lituzke.
Udal Gobernu Taldean ariko diren taldekideei zein oposiziokoei maila berean eragingo lieke neurriak proposamen horren arabera. Mendozaren iritziz “bizi dugun krisi egoeran, aukera ezin hobea da honakoa herritarrei eskatzen zaien esfortzua udalean gauden alderdiok ere egiten dugula erakusteko. Desio dugun bakarra, talde politiko guztiek egoerak eskatzen duen erantzuna ematea da eta aurkezten den mozioa aurrera ateratzea”. Gastu politikoa murrizteko proposamenak aurrera ez egitea “argazki tristea” litzateke alkatearen hitzetan.
Herritarren parte hartzea
Udalgintzaren bigarren ardatza, herritarren parte hartzea bultzatzuko duen “apustu garbi eta sendoa” egitea izango da “udalaren kudeaketa hobetzeko tresna gisa” zehaztu du alkateak. Horrenbestez, herritarren parte hartzeari irekiak egongo diren udal batzordeak arratsaldez egingo dituzte eta baita udal batzak ere. Horrekin batera, egun dauden aholku kontseiluak bultzatu eta beharrezkoak diren aholku kontseilu berriak sortuko dituztela ere aurreratu dute agerraldian. UAO Udal Araudi Organikoan aldaketak egingo dituztela ere zehaztu du Mendozak “herritarren parte hartzea kontenplatu eta erregulatu dezan”. Azkenik, herritarren parte hartzearen gaineko Udal Ordenantza sortzea adostu dutela agertu du.
Bilduk eta Ezker Batuak lortutako akordioaren ondorioz alkateak hainbat eskumen utziko ditu Jose Manuel Ferradas zinegotziaren eskutan. Hala datozen lau urteetan, Ingurumen Arloa, Aniztasun Arloa eta Kirol Patronatuaren Lehendakaritza hartuko ditu beregain Ezker Batuko zinegotziak. Aniztasun sailetik migrazioarekin zerikusia duten gaiak kudeatuko dituzte. Ezker Batuak bere aldetik, lortutako akordioaren bidez, udalaren urteroko aurrekontuari egonkortasuna eskeiniko dio Udal Gobernu Taldeko kide izatearekin batera.
Ferradas: “Proiektu berriak eta politika egiteko beste modua eskeini dizkigu”
Ezker Batuak lortu duen zinegotzi bakarrak, Jose Manuel Ferradasek Udal Gobernu Taldeko kide izatera eraman dituen arrazoiak azaldu ditu gaurko agerraldian. Orain lau urte PSE-EEk Gobernu Taldea osatzeko emandako aukeraren atzean “kudeaketa aukerarik eta autonomiarik ez zuten postuak” baino ez zeudela zehaztu du Ferradasek eta horregatik uko egin ziotela: “EBren helburua ez baita edozein modutan eta edozein preziotan gobernatzea”. Lau urte beranduago, “Bilduk egindako proposamenetan garai berriak, proiektu berriak eta politika egiteko modu berriak” aurkitu dituztela esan du Ferradasek eta horrek eraman dituela Udal Gobernu Taldeko kide izatera. “Errenteria hobeagoa posible zela esan genuen kanpainan eta orain lan egitea tokatzen zaigu ametsa errealitate bihurtzeko” gaineratu du.