Salaketa jarri dute ekologistek Bakarraiztegiko errekagatik
Bakarraiztegiko errekaren egoera dela eta, Eguzkik eta Ekologistak Martxan taldeek salaketa jarri dute Gipuzkoako Ingurumeneko Fiskaltzan. Sagasti industriagune ondoko errekaren egoeraren berri pasa den ekainaren 18an berriro egiaztatu zutela adierazi dute bi talde ekologistek Fiskaltzaren aurrean egindako salaketan. “Ekainaren 18an ikusi genuen errekak kolore grisa zuela, erabat ilunak eta ur fekalen usainarekin”. Horrela, “agerian dagoen estolda” dela iritzi dute Eguzkikoek zein Ekologistak Martxan-ekoek: “Usaina jasanezina da. Gainera, inolako zalantzarik gabe esan daiteke inguruan ez dagoela animaliarik”. Horrez gain, errekaren ondoan plastiko zantzuak eta lokatza daudela zehaztu dute talde ekologistako kideek jarri duten salaketan. Hori bai, errekaren inguruko basoa (hainbat motako haritzez osatutakoa) “egoera onean” dagoela esan dute. Arazoa aspaldikoa dela gogorarazi dute: “Inguruko bizilagunekin hitz egin dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari egoera zein hainbatetan salatu duten arren, inoiz ez diote irtenbiderik jarri”. “Isuriak, industriagunetik” Fiskaltzari errekaren egoera zein den azaldu ondoren, isurien jatorria euren ustez zein den idatzi dute ekologistek: “Ziur esan daiteke ondoan dagoen Sagasti industriagunetik datozela isuriak. Porlanezko hodi bat dago Bakarraiztegi errekaren ibilguan, eta badirudi hori dela isuri kutsagarriak botatzen dituen hodia”. Hala ere, hodi bat baino gehiago gehiago dagoela dirudiela esan dute, “errekan gora eginez gero, ura kutsatuta dagoela ikus daitekeelako”. Horregatik, egoera [...]
Bakarraiztegiko errekaren egoera dela eta, Eguzkik eta Ekologistak Martxan taldeek salaketa jarri dute Gipuzkoako Ingurumeneko Fiskaltzan.
Sagasti industriagune ondoko errekaren egoeraren berri pasa den ekainaren 18an berriro egiaztatu zutela adierazi dute bi talde ekologistek Fiskaltzaren aurrean egindako salaketan. “Ekainaren 18an ikusi genuen errekak kolore grisa zuela, erabat ilunak eta ur fekalen usainarekin”. Horrela, “agerian dagoen estolda” dela iritzi dute Eguzkikoek zein Ekologistak Martxan-ekoek: “Usaina jasanezina da. Gainera, inolako zalantzarik gabe esan daiteke inguruan ez dagoela animaliarik”. Horrez gain, errekaren ondoan plastiko zantzuak eta lokatza daudela zehaztu dute talde ekologistako kideek jarri duten salaketan. Hori bai, errekaren inguruko basoa (hainbat motako haritzez osatutakoa) “egoera onean” dagoela esan dute.
Arazoa aspaldikoa dela gogorarazi dute: “Inguruko bizilagunekin hitz egin dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari egoera zein hainbatetan salatu duten arren, inoiz ez diote irtenbiderik jarri”.
“Isuriak, industriagunetik”
Fiskaltzari errekaren egoera zein den azaldu ondoren, isurien jatorria euren ustez zein den idatzi dute ekologistek: “Ziur esan daiteke ondoan dagoen Sagasti industriagunetik datozela isuriak. Porlanezko hodi bat dago Bakarraiztegi errekaren ibilguan, eta badirudi hori dela isuri kutsagarriak botatzen dituen hodia”. Hala ere, hodi bat baino gehiago gehiago dagoela dirudiela esan dute, “errekan gora eginez gero, ura kutsatuta dagoela ikus daitekeelako”.
Horregatik, egoera “onartezina eta jasanezina” dela iritzi diote bi talde ekologistek, eta ez dute ulertzen erakundeek nola utzi duten hainbeste urtetan Bakarraiztegi egoera horretan. “Ahalik eta denbora laburrenean konpontzea eskatzen dugu”, gaineratu dute. “Jakitun jarri nahi dugu Fiskaltza, ingurumenaren kontrako deliturik balego”, bukatu dute idatzia.
Garbiketa, ekainean
Pasa den ekainean Lezoko Udalak Bakarraiztegi erreka garbitu zuen. Bertatik “uste baino zabor gehiago” atera zutela jakinarazi zuten.
Hondakinak jasotzeaz gain, bertako landareetan hobekuntzak egiten ari dira. Gainera, garbiketarekin bukatzen dutenean, errekara isurketarik ez egiteko eskatuz informazio panelak jarriko dituztela iragarri zuen Udalak.
Orduan, Lezoko Udalak jakinarazi zuen Bakarraiztegiko errekaren ingurua babes berezia behar duen basoa dela, eta hala nabarmendu zuten Lezoko hirigintza plan berrian. “Udalaren helburua da gune degradatu hori berreskuratzea. Hala, bioaniztasuna
hobetzeko bidean Lezoko Udalak hainbat gune aukeratu ditu, eta horietakoa da Bakarraiztegi”, esan zuen Leire Beteta Ingurumen teknikariak. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.
Hasieran pentsatzen zutena baino zabor gehiago atera zuten. Hala, bi zabor edukiontzi handi aterako zituztela uste zuten, baina azkenean bost atera zituztela jakinarazi zuen Betetak. Gainera, landare inbaditzaileak kendu zituzten eta berriak landatu.
