Ukrainako eta Euskal Herriko dantzak, Ereintza elkartearen eskutik
Asteburuan dantza izango da nagusi Errenteria-Oreretako kaleetan. Izan ere, Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, XXI. Errenteria Dantzan jaialdia egingo dute larunbat eta igandean. Folklore jaialdiarekin hasiko da Errenteria Dantzan larunbat arratsaldean. Zumardian izango da jaialdia eta 20:00etatik aurrera Euskal Herriko eta Ukrainako dantzak uztartuko dituzte dantzariek: “Ereintzako dantzariok eta Ukrainako Chernova Kalyna taldeko dantzariek saioak tartekatuko ditugu folklore erakusketa egiteko”, azaldu du Maider Ubarretxena Ereintza Dantza Taldeko kideak. Chernova Kalyna Ukraina mendebaldeko taldea da, eta bira egiten ari dira une honetan Europatik zehar. Poloniatik helduko dira herrira, ondoren Portugalera joateko. Euskal kultura zabaldu Igandean berriz, Xabier Olaskoaga plazara eramango dute Errenteria Dantzan jaialdia. Musika eta dantza emanaldia egingo dituzte bertan Udal Txistu Taldeak eta Chervona Kalyna taldeak zein Ereintza Dantza Taldeak, 13:00etatik aurrera. Bi egunetako ekitaldiak doan izango dira eta Maider Ubarretxenak herritar guztiei egin die parte hartzeko deia. Garrantzitsua Jaialdiaren aurkezpenean Ereintza Dantza Taldeko Maider Ubarretxena, Mikel Koka eta Juantxo Maiarekin batera izan ziren Julen Mendoza alkatea, eta Garazi Lopez Etxezarreta Kultura zinegotzia. Mendozak, 1990. urtetik Ereintza Dantza Taldeak antolatzen duen Errenteria Dantzan ekimenaren “garrantzia” nabarmendu zuen: “Aurten Ukrainako dantza taldea datorren bezala, aurreko ekitaldietan beste herrialdetakoak izan dira, eta guztiek egiten duten kultura ekarpena kontuan hartzekoa da. Beste herrietatik [...]
Asteburuan dantza izango da nagusi Errenteria-Oreretako kaleetan. Izan ere, Ereintza Dantza Taldeak antolatuta, XXI. Errenteria Dantzan jaialdia egingo dute larunbat eta igandean.
Folklore jaialdiarekin hasiko da Errenteria Dantzan larunbat arratsaldean. Zumardian izango da jaialdia eta 20:00etatik aurrera Euskal Herriko eta Ukrainako dantzak uztartuko dituzte dantzariek: “Ereintzako dantzariok eta Ukrainako Chernova Kalyna taldeko dantzariek saioak tartekatuko ditugu folklore erakusketa egiteko”, azaldu du Maider Ubarretxena Ereintza Dantza Taldeko kideak.
Chernova Kalyna Ukraina mendebaldeko taldea da, eta bira egiten ari dira une honetan Europatik zehar. Poloniatik helduko dira herrira, ondoren Portugalera joateko.
Euskal kultura zabaldu
Igandean berriz, Xabier Olaskoaga plazara eramango dute Errenteria Dantzan jaialdia. Musika eta dantza emanaldia egingo dituzte bertan Udal Txistu Taldeak eta Chervona Kalyna taldeak zein Ereintza Dantza Taldeak, 13:00etatik aurrera. Bi egunetako ekitaldiak doan izango dira eta Maider Ubarretxenak herritar guztiei egin die parte hartzeko deia.
Garrantzitsua
Jaialdiaren aurkezpenean Ereintza Dantza Taldeko Maider Ubarretxena, Mikel Koka eta Juantxo Maiarekin batera izan ziren Julen Mendoza alkatea, eta Garazi Lopez Etxezarreta Kultura zinegotzia. Mendozak, 1990. urtetik Ereintza Dantza Taldeak antolatzen duen Errenteria Dantzan ekimenaren “garrantzia” nabarmendu zuen: “Aurten Ukrainako dantza taldea datorren bezala, aurreko ekitaldietan beste herrialdetakoak izan dira, eta guztiek egiten duten kultura ekarpena kontuan hartzekoa da. Beste herrietatik ikastea aberasgarria delako oso”. Horrekin batera Errenteria Dantzan jaialdiak “euskal kultura munduan zehar zabaltzeko ematen duen aukera”, aipatu zuen Mendozak.
Ereintza Dantza Taldeko Maider Ubarretxenak bat egin zuen alkateak esandakoarekin, eta jaialdiak, urtean zehar egiten dutena kalera atera eta herritarrei erakusteko aukera dela nabarmendu zuen. “Euskal kultura gure herrian bertan zabaltzeko” helburua ere betetzen duela gaineratu zuen. Mikel Kokak, bestalde, “aurten ere ahal den onena” ekartzen saiatu direla zehaztu zuen: “Aurrekontu arazoak ditugu, eta garai batean bi asteburutan antolatzen bagenuen ere, ekimen gehiagorekin eta hitzaldiekin besteak beste, azken urteetan murriztu behar izan dugu egitaraua”.
Hala ere, Errenteria Dantzan antolatzen jarraituko dutela zehaztu zuen Kokak, “gogo handiarekin gainera”.
Saloun emanaldia
Bestalde, Ereintza Dantza Taldeak joan den asteburuan Saloun (Tarragona, Herrialde Katalanak) egindako emanaldiaren berri eman zuen Juantxo Maiak. Hamahiru urte daramate Ereintzako dantzariek Saloun antolatzen duten Euskadiko Egunean parte hartzen, eta Maiak esan zuenez, “arrakasta handia” izan dute aurten ere. Maiak halako ekitaldietan parte hartzearen garrantzia nabarmendu zuen, “gure kultura zabaltzeko balio dutelako. Datorren urtean ere han izango gara”.
Bukatzeko, hilaren 16an antolatu duten Erromeria Egunaren barruan, Esmalteria plazan egingo duten herri bazkarirako txartelak salgai daudela jakinarazi zuen Maiak. Interesadunek Ereintza elkartean, Arkaitza tabernan edo Belen okindegian eros ditzakete txartelak 15 euroan.
