Xanisteban Saria antolatu du, lehenengoz, Txost Pilota Taldeak
Aurten, lehendabizikoz, Xanisteban Saria antolatzera animatu dira Oiartzungo Txost Pilota Taldeko kideak. Txapelketa horren barnean bi maila ezberdindu dituzte. Batetik, 22 urtez azpikoena, eta bestetik, seniorrena. Lehenengoak —22 urtetik beherakoak...
Aurten, lehendabizikoz, Xanisteban Saria antolatzera animatu dira Oiartzungo Txost Pilota Taldeko kideak. Txapelketa horren barnean bi maila ezberdindu dituzte. Batetik, 22 urtez azpikoena, eta bestetik, seniorrena.
Lehenengoak —22 urtetik beherakoak—, paleta larruz ari dira lehian, binaka. Aurreko bi asteetan ligaxka moduko bat jokatu ondoren, bihar finalerdiak jokatuko dituzte.
Elkarren kontra ariko dira, batetik, Martxel-Aingeru oiartzuarrak, eta Brosa-Beñat Ibarguren —Donostiakoa eta Olaberriakoa—. Eta bestetik, Xabier Ibarguren-Iban Arruti (Lazkao eta Usurbil), eta Garmendia-Juanes oiartzuarrak.
Seniorretan, bestalde, pala motzean ari dira Xanisteban Saria jokatzen.
Berezitasun gisa, Txosteko kideek zehaztu dutenez, azken horiek zazpiaren barnean jokatu behar dute.
Seniorrak kanporaketa sisteman aritu dira jokatzen, eta horiek ere bihar dituzte finalerdiak.
Aizpuru-Argote oiartzuarrak eta Aierbe-Soraluze (Zarautz eta Lazkao) ariko dira elkarren kontra.
Finalerdiak 20:00etan jokatuko dituzte, Madalensoro pilotalekuan.
Finalak, igandean
Bi mailetako finalak, berriz, igandean jokatuko dituzte, arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Horiek ere Madalensoro pilotalekuan.
