Ereintzak asteburu honetan hasiko du denboraldia
Eskubaloiko Espainiako Lehen Maila asteburu honetan jarriko da martxan, eta Ereintzak, horrenbestez, lehenengo lehia jokatuko du. Arrate izango du kontrario. Ereintzatik azaldu dutenez, denboraldi hasiera “arraroa” izango da, zozketan Eibar...
Eskubaloiko Espainiako Lehen Maila asteburu honetan jarriko da martxan, eta Ereintzak, horrenbestez, lehenengo lehia jokatuko du. Arrate izango du kontrario. Ereintzatik azaldu dutenez, denboraldi hasiera “arraroa” izango da, zozketan Eibarko taldea tokatu zaiolako, “baina seinale guztien arabera, talde hori desagertu egin da”. Ereintzakoak Espainiako Eskubaloi Federazioarekin jarri dira harremanetan, eta handik erantzun diete ofizialki ez dela taldea desagertu, ez baitute baja eskatu, eta 2011-2012 denboraldian aritzeko eskubide guztiak ordaindu baititu.
Ereintzak beste edozein partidatarako egiten dituen tramite berak jarri ditu martxan, eta 19:15ean jarri dute hitzordua Galtzarabordako kiroldegian. Hala ere, ez dute uste partidarik egongo denik, “horrek dakartzan kalteekin, bai ikuspuntu ekonomikotik baita denborarenetik ere”.
Aurtengo denboraldian lehenengo urtean bezain ondo ibiltzea espero dute errenteriarrek. Hirugarren geratu ziren, eta Ohorezko B Mailara igotzeko postuetan egotetik oso hurbil egon ziren. Lehengo urteko jokalariak mantendu ditu, eta Ion Vazquez ere sartuko da taldean. Alex Noguesek jarraituko du taldea entrenatzen.