Gipuzkoako bertsolari lehian lanak emateko prest
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa sartu da azken txanpan. Hasi dira final-zortzirenak jokatzen, eta Oarso Bidasoko bertsolariak gainontzekoei lanak emateko prest daude. Zazpi izan zitezkeen txapelketan, baina Oarso Bidasoko lau bertsolarik jarraitzen dute lehian, oraingoz: Haritz Casabal pasaitarrak, eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jon Martin eta Alaia Martin oiartzuarrek. Hasieran, sailkapen fasean, Gorka Etxeberria oreretarrak ez zuen final-zortzirenetara sailkatzerik izan. Lehenengo final-zortzirena, berriz, pasa den larunbatean jokatu zuten Andoainen. Oarso Bidasoko bi bertsolarik hartu zuten parte: Ander Lizarralde oiartzuarrak, eta Manu Goioganak irundarrak. Laugarren eta seigarren postuak eskuratu zituzten sailkapenean, hurrenez hurren, eta final-laurdenetarako txartelik lortzerik ez zuten izan zuzenean, puntuen zain daude. Izan ere, saio horietan lehenengoak irabazten du final-laurdenetarako txartel zuzena. Puntu erantzunetan Ander Lizarraldek maisutasuna erakutsi zuen, baina ez zen nahikoa izan zuzenean aurrera egiteko. Bigarren final-zortzirena oso bestelakoa izan zen, eskualdeko bertsolariei dagokienez. Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuarrak parte hartu zuen Azkoitiko kanporaketan, eta lehenengo postua eskuratu zuen, 460,5 punturekin. Erregulartasunak eman zion lehen postua Xamoari. Hala, final-laurdenetarako txartela lortu zuen. Pozik dago lehen postu horrekin bertsolaria: “Emaitzari dagokionez oso gustura nago. Lau urte lehiatu gabe egon ondoren lehen postua lortzeak moralki indarra ematen du eta aurrera jarraitzeko indarra”. Bigarren final-zortziren horren ondoren Oarso Bidasoko lau bertsolarik jarraitzen dute lehian [...]
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa sartu da azken txanpan. Hasi dira final-zortzirenak jokatzen, eta Oarso Bidasoko bertsolariak gainontzekoei lanak emateko prest daude.
Zazpi izan zitezkeen txapelketan, baina Oarso Bidasoko lau bertsolarik jarraitzen dute lehian, oraingoz: Haritz Casabal pasaitarrak, eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jon Martin eta Alaia Martin oiartzuarrek.
Hasieran, sailkapen fasean, Gorka Etxeberria oreretarrak ez zuen final-zortzirenetara sailkatzerik izan.
Lehenengo final-zortzirena, berriz, pasa den larunbatean jokatu zuten Andoainen. Oarso Bidasoko bi bertsolarik hartu zuten parte: Ander Lizarralde oiartzuarrak, eta Manu Goioganak irundarrak.
Laugarren eta seigarren postuak eskuratu zituzten sailkapenean, hurrenez hurren, eta final-laurdenetarako txartelik lortzerik ez zuten izan zuzenean, puntuen zain daude. Izan ere, saio horietan lehenengoak irabazten du final-laurdenetarako txartel zuzena. Puntu erantzunetan Ander Lizarraldek maisutasuna erakutsi zuen, baina ez zen nahikoa izan zuzenean aurrera egiteko.
Bigarren final-zortzirena oso bestelakoa izan zen, eskualdeko bertsolariei dagokienez. Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuarrak parte hartu zuen Azkoitiko kanporaketan, eta lehenengo postua eskuratu zuen, 460,5 punturekin. Erregulartasunak eman zion lehen postua Xamoari. Hala, final-laurdenetarako txartela lortu zuen.
Pozik dago lehen postu horrekin bertsolaria: “Emaitzari dagokionez oso gustura nago. Lau urte lehiatu gabe egon ondoren lehen postua lortzeak moralki indarra ematen du eta aurrera jarraitzeko indarra”.
Bigarren final-zortziren horren ondoren Oarso Bidasoko lau bertsolarik jarraitzen dute lehian oraingoz, Lizarralderekin eta Goioganarekin zer gertatzen den ikusi bitartean.
Xamoaren ustez, Lizarraldek aurrera egingo du ziur, eta Goioganak zailagoa izango du jarraitzea: “Puntuetan ikusi beharko dugu, baina ia ziur nago Anderrek aurrera egingo duela; Manuk aurrera egiteko, berriz, karanbola batzuk suertatu beharko liratekeela iruditzen zait”.
Hurrengo final-zortzirenak
Datozen final-zortzirenetan parte hartuko dute eskualdeko beste bi bertsolarik. Zehazki, Irungo kanporaketan ariko dira Haritz Casabal eta Alaia Martin, urriaren 9ko 17:30ean, Amaia Antzokian. Asier Sasietarekin, Iñaki Zelaiarekin, Manex Mujikarekin eta Urko Egañarekin lehiatuko dira.
Guztira, hamabost bertso landu beharko dituzte. Binaka, gaia emanda, Iparragirren doinuan hiruna bertso. Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso. Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso eta nahi duten puntuan sartzeko oin bat emanda, gehienez bost puntuko bertso bat. Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso. Eta kartzelan, bakarka eta gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Biak ikusten ditu hurrengo fasera pasatzen Xamoak: “Alaia oso ondo ikusten dut, bai bertsona, bai motibazioz eta baita konfiantzaz ere. Haritz irregularragoa da, baina motibatuta dago eta aurrera egingo duela uste dut”.
Xamoak, berriz, Azpeitiko final-laurdenetan izango du hurrengo saioa, azaroaren 6an, Izarraitz pilotalekuan.
Jon Martin, finalista
Oraingoz lehian jarraitzen duen laugarren bertsolariak, Jon Martinek, final-laurdenetan hasiko du ibilbidea. Idiazabalen izango da hori, urriaren 30ean, Igarondo pilotalekuan.
Xamoak finalean ikusten du: “Klasiko bat da txapelketan. Hortxe zegoen gu lehiatzen hasi baino lehen ere. Entrenatzen ari gara elkarrekin eta ondo ikusten dut”.
Baina txapeldunagatik galdetuta, Beñat Gaztelumendi ikusten du garaile: “Nik uste denen faboritoa dela Beñat Gaztelumendi. Hala ere, Jon Martinek ere irabazi dezakeela uste dut. Azkeneko lehietan bigarren eta hirugarren izan da, eta lanak emango dizkie kontrarioei”.