Martxin Artzu berritzen hasiko dira Portu auzoko lanen bigarren zatian
Portu auzoko lanen bigarren zatia hasiko dute datorren astean, Martxin Artzu eta Bernat Etxepare kaletan. Horrela orain hasi, eta ekaina bitarte iraungo duten lanen helburua, euri urak eta ur beltzak bereiztea eta bi kaleak berritzea eta oinezkoari leh...
Portu auzoko lanen bigarren zatia hasiko dute datorren astean, Martxin Artzu eta Bernat Etxepare kaletan. Horrela orain hasi, eta ekaina bitarte iraungo duten lanen helburua, euri urak eta ur beltzak bereiztea eta bi kaleak berritzea eta oinezkoari lehentasuna ematea da. Espaloi zabalak eta eserleku nahiz argiztapen berriak jarriko dituzte, Almirante Alonso eta kale horren perpendikularretan daudenen antzera.
Lehenbiziko zatia Martxin Artzu kalea izango da, eta 20. zenbakitik 8. era doana egingo dute, Hondar jatetxetik Mafre aseguruak arte. Gainera, egunotan, Portuko eliza eta auditorium berriaren ingurua berritzen ari dira.
Trafiko aldaketak
Ibilgailuei dagokienez, ezin izango dute San Kristobaleko biribilgunetik Porturaino ibili. Mendebaldeko saihesbidetik eta Donostia kaletik sartu beharko dira, gero Itsasargi kaletik, Zuloaga kaletik, eta zuzen jarraitu. Bidasoa kalean bizi direnak, kale beretik egin dezakete eta gero Bernat Etxeparetik atera.
Almirante Alonso kalean garajea duten bizilagunek Itsasargi kaletik sartuko dira, eta hortik, haien kaleraino, aurkako noranzkoan. Bentako aparkalekurako sarrera eta irteera Bidasoa ibilbidean izango da, eta handik Bernat Etxepare kalera sartuko dira, han garajea dutenek ezkerrera egin beharko dute. Portuko elizaren ondoan dagoen sarrera itxi egingo dute betiko.
Itsasargi kaleko autobus geltokiak bertan behera geratuko dira. www.ekialdebus.net web gunean kontsulta daiteke informazioa.