Beteranoen III. Dantza Sueltoko Topaketan, Patxi Larrea omenduko dute
Beti prest dantza taldeak III. Beteranoen Dantza topaketa egingo du etzi
Beti Prest Dantza Taldeak antolatuta, Beteranoen Dantza Sueltoko Topaketak herriko kaleak hartuko ditu etzi. Topaketa horretan, Patxi Larrea omenduko dute Beti Prest taldekoek, “dantzari eta dantza irakasle bezala egin duen ibilbide oparo eta luzeagatik”, azaldu dute antolatzaileek. Larreak Lezon dantza zabaltzeko egindako lana nabarmendu dute antolatzaileek: “25 urte eman ditu ilusioz lan egiten Lezon dantza zabaltzeko eta horregatik dantzari dotore eta irakasle nekaezin horren ibilbideaz gozatu duten guztiak animatu nahi ditugu omenaldian parte hartzera”.
Egun osoko egitaraua
Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Herriko Enparantzan egingo diete harrera topaketako parte hartzaileei 11:00etan. Ordu erdi beranduago, Dantza soltearen garapena Bizkaian mahai ingurua egingo dute udaletxeko areto nagusian, Jose Ignazio Ansorena, Patxi Larrea, Iñaki Mugarra eta Arkaitz Pascuasekin. Moderatzaile lanetan, berriz, Joxe Juan Ugalde ariko da. Jaurtakol plazan, mokadutxoa emango diete ondoren hurbiltzen direnei, 13:30etik aurrera.
Amulleta elkartean bazkaldu ondoren, 19:00etan hasiko da dantza ikuskizuna. Orereta Ikastolatik abiatuta, Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte dantzariek, Zumardian amaitzeko. Dantza solteko ikuskizuna eskainiko dute bertan parte hartuko duten 11 bikote beteranoek. Bikote horietatik bi nafarrak dira, bi arabarrak eta zazpi gipuzkoarrak. Ikuskizuna amaituta egingo diote omenaldia Patxi Larreari. Besteak beste, Xabier Obesok egindako Dantza izeneko eskultura jasoko du dantzari lezoarrak.