Kultur Sasoia hasiko da gaur Xarnege taldearen kontzertuarekin
Euskal Herriko eta Gaskoniako musikariak biltzen dituen Xarnege folk taldeak abiatuko du 2011/2012 ikasturteko Hendaiako Kultur Sasoia. Varietes aretoan izanen da, gaur, 20:30etik aurrera. Xarnegek bi herrietako sustrai komunak deskubritzeko proposamena egiten du, tinbre zaharretan aberatsa den tradiziozko musikaren bitartez. Elkarrekin gutxietan entzun ohi diren musika tresnak entzuteko aukera izanen da: albokak, zarrabetea, bouzoukia, bohak… egungo tresna elektronikoekin lagundurik. Pirinioen bi aldeetako doinu tradizionalak lantzen ditu Xarnegek; izenak bi herrietako mugan bizi diren herriei egiten die erreferentzia, gaskoieraz eta euskaraz mintzatzen diren herriei. Hiru musikari gaskoik (Joan Baudoin, Lucia Longue, eta Simon Guillaumin), eta bi euskal musikarik (Juan Ezeiza eta Josean Martin Zarko) osatzen dute taldea, eta instrumentalizazioari garrantzia handia ematen diote. Joan Baudoin arduratzen da horretaz; taldean ahotsak jarri eta hainbat musika tresna jotzen ditu (xirulak, bohak —Landetako kornamusak— eta ttun-ttuna). Baudoin Gaskoniako folklorearen ikertzailea da, baita luthierra ere. Hamahiru ekitaldi urtean Kultur Sasoiak Herriko Etxeko Kultura zerbitzuak antolatutako hamahiru ekitaldi biltzen ditu. Urtean zehar herrian programatzen dituzten ekitaldi nabarmenenak izaten dira, jai jakin batzuk alde batera utzita (Bidasoa Folk, Antzerkiaren Maiatza, Bixintxoak…). Mendi Zolan kulturguneko lanak amaitu bitartean Varietes aretoan antolatzen zituzten Kultur Sasoiko ekitaldi gehienak; iaztik, musika eta zinemari lotutakoak Varietesen taularatzen dituzte, dantza, ballet eta antzerki [...]
Euskal Herriko eta Gaskoniako musikariak biltzen dituen Xarnege folk taldeak abiatuko du 2011/2012 ikasturteko Hendaiako Kultur Sasoia. Varietes aretoan izanen da, gaur, 20:30etik aurrera. Xarnegek bi herrietako sustrai komunak deskubritzeko proposamena egiten du, tinbre zaharretan aberatsa den tradiziozko musikaren bitartez. Elkarrekin gutxietan entzun ohi diren musika tresnak entzuteko aukera izanen da: albokak, zarrabetea, bouzoukia, bohak… egungo tresna elektronikoekin lagundurik.
Pirinioen bi aldeetako doinu tradizionalak lantzen ditu Xarnegek; izenak bi herrietako mugan bizi diren herriei egiten die erreferentzia, gaskoieraz eta euskaraz mintzatzen diren herriei. Hiru musikari gaskoik (Joan Baudoin, Lucia Longue, eta Simon Guillaumin), eta bi euskal musikarik (Juan Ezeiza eta Josean Martin Zarko) osatzen dute taldea, eta instrumentalizazioari garrantzia handia ematen diote. Joan Baudoin arduratzen da horretaz; taldean ahotsak jarri eta hainbat musika tresna jotzen ditu (xirulak, bohak —Landetako kornamusak— eta ttun-ttuna). Baudoin Gaskoniako folklorearen ikertzailea da, baita luthierra ere.
Hamahiru ekitaldi urtean
Kultur Sasoiak Herriko Etxeko Kultura zerbitzuak antolatutako hamahiru ekitaldi biltzen ditu. Urtean zehar herrian programatzen dituzten ekitaldi nabarmenenak izaten dira, jai jakin batzuk alde batera utzita (Bidasoa Folk, Antzerkiaren Maiatza, Bixintxoak…).
Mendi Zolan kulturguneko lanak amaitu bitartean Varietes aretoan antolatzen zituzten Kultur Sasoiko ekitaldi gehienak; iaztik, musika eta zinemari lotutakoak Varietesen taularatzen dituzte, dantza, ballet eta antzerki lanak Zokoburuko kulturgunean, eta musika koral eta sinfonikoari lotutako ekimenak San Bixente elizan; Abbadian ere egiten dute ekintzaren bat edo beste.
Gaurkoaren ondotik, Kultur Sasoiko hurrengo deialdia bikoitza izanen da: La Grosse Situation Bordeleko konpainiak La conserverie de vieux obra antzeztuko du Mendi Zolanen, urriaren 19an eta 20an, 20:30ean.
Zubixka deskontu txartelarekin ekitaldietaz merkeago gozatzeko aukera
Joan den astetik erreserbatu ahal da Zubixka Txartela, Kultur Sasoiko ekitaldiak prezio merkean gozatzeko aukera ematen duena. Izan ere, Herriko Etxeak urtean zehar antolatzen dituen hamahiru ekitaldietako bakoitzaren prezioa 12 eurokoa bada, deskontu txartelarekin ez da 4 eurora iristen —Zubixka 50 euroan eros daiteke—. Hau da, egitarauko bost ekintza besterik ikusiko ez duenak merkeago ikusiko ditu harpidetza txartelarekik.
Zubixka txartela erosteko interesdunek Mendi Zolan kulturgunera hurbil daitezke; Zokoburun dago, Hondartza auzoan, itsas etorbidearen hasieran. Informazio gehiago lortzeko interesdunek (0034) 0559 48 30 49 telefono zenbakira deitu edo Herriko Etxeko webgunean (www.hendaye.com) begira dezakete, Kultura atalean (Kultur azpiegiturak azpiatalean).