Begiraleei euren lana aitortu eta eskertu zaie
Ez dira gutxi, eta askok tradizio luzea dute gainera, urteetako ibilbidea. Pasaian 17tik gora elkarte daude gaur egun haur eta nerabeekin lanean, eta horietan, une hauetan, 60 begirale inguru dabiltza, boluntario gisa beren denbora libretik ordu asko eta asko eskaintzen. Aisialdian, kirol esparruan, nahiz kulturaren eremuan, elkarte hauek guztien ekarpenari erreparatu gabe ezingo litzateke ulertu Pasaiak gaur egun duen bizia; ezinezkoa litzateke ulertzea herriak duen eskaintza anitza. Hori guztia aitortu asmoz, lehengo igandean Begirale Eguna ospatu zuten Pasaian. Elkarte guztietako begiraleak bildu ziren festan, udalaren aitortza jasotzeko, baina baita festa egiteko ere. Izan ere, begiraleen lana ahaleginetik duen bezala, badu dibertigarritik ere, eta horren froga argia bizi ahal izan zuten lehengo igandean begiraleen jaia ikusi zuten guztiek: estropada, bazkaria,… ongi pasatzeko tartea ere hartzen dute elkarteetako begiraleek. Euskal Herrian auzolanaren kultura oso garrantzitsua izan da historian zehar. Indibidualismoak jotako jendartean, aitzitik, gainbeheran edo arriskuan egon zitekeenik pentsatu duenik bada. Baina Pasaian, zailtasunak zailtasun, elkarte asko eta oso biziak diraute lanean, auzolanaren kultura horri eutsiz. Elkar elikatu eta indartu Elkarteek kezkak eta arazoak izan badituzte, eta horregatik, berandu baino lehen, indarrak biltzea erabaki dute. Kezkak partekatu, irtenbideak elkarrekin bilatu, … eta elkar elikatze horretan berrindartzen ari dira. Udalarekin elkarlanean haur eta [...]
Ez dira gutxi, eta askok tradizio luzea dute gainera, urteetako ibilbidea. Pasaian 17tik gora elkarte daude gaur egun haur eta nerabeekin lanean, eta horietan, une hauetan, 60 begirale inguru dabiltza, boluntario gisa beren denbora libretik ordu asko eta asko eskaintzen.
Aisialdian, kirol esparruan, nahiz kulturaren eremuan, elkarte hauek guztien ekarpenari erreparatu gabe ezingo litzateke ulertu Pasaiak gaur egun duen bizia; ezinezkoa litzateke ulertzea herriak duen eskaintza anitza.
Hori guztia aitortu asmoz, lehengo igandean Begirale Eguna ospatu zuten Pasaian. Elkarte guztietako begiraleak bildu ziren festan, udalaren aitortza jasotzeko, baina baita festa egiteko ere. Izan ere, begiraleen lana ahaleginetik duen bezala, badu dibertigarritik ere, eta horren froga argia bizi ahal izan zuten lehengo igandean begiraleen jaia ikusi zuten guztiek: estropada, bazkaria,… ongi pasatzeko tartea ere hartzen dute elkarteetako begiraleek.
Euskal Herrian auzolanaren kultura oso garrantzitsua izan da historian zehar. Indibidualismoak jotako jendartean, aitzitik, gainbeheran edo arriskuan egon zitekeenik pentsatu duenik bada. Baina Pasaian, zailtasunak zailtasun, elkarte asko eta oso biziak diraute lanean, auzolanaren kultura horri eutsiz.
Elkar elikatu eta indartu
Elkarteek kezkak eta arazoak izan badituzte, eta horregatik, berandu baino lehen, indarrak biltzea erabaki dute. Kezkak partekatu, irtenbideak elkarrekin bilatu, … eta elkar elikatze horretan berrindartzen ari dira.
Udalarekin elkarlanean haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko egitasmo orokorra ari dira lantzen. Hizkuntza eskubidea, tratu ona, aniztasuna, balioetan oinarritutako heziketa… guztiak dituzte jomugan elkarteetako begiraleek.
Egia da, oraindik ere ez daudela bermatuak haur eta nerabeen eskubide guztiak, baina Pasaian bidea egiten ari dira eta elkarrekin lankidetzan jarrituko dutela adierazi dute. egitasmoan bat egiten duten eragileek.
Eragile askok bat egiten dute haur eta nerabeekin lan egiten duten elkarteak biziberritzeko egitasmoan. Begiraleen egitekoaren gainean galdetu diegu haietako batzuei:
AMAIA AGIRREGABIRIA
Alkatea
«Begiraleak oso erreferente positiboa eta garrantzitsua dira herrian»
1. Begiraleek zer ekarpen egiten diote herriari?
Herri bizi bat sortzen laguntzen dute. Bizitza herritarrek eta herriko eragileek sortzen dute herri batean. Auzolanaren eta bolondres lanaren kultura zabaltzen dute. Euskal Herrian, oso indartsua izan da betidanik kultura hau, eta Pasaian oso bizirik dagoela erakusten digute elkarteek. Bizitzen ari garen garai hauetan, gainera, are garrantzitsuagoa bihurtzen da ekarpen eta ahalegin hau. Oso erreferente positibo garrantzitsua dira herrian. Eskaintza anitza eta ugaria egiten diete herritarrei. Pasaiako banaketa geografikoa eta herri batek izan ohi dituen baliabideak kontuan hartuta, zaila izango litzateke beste era batera eskaintza hain ugaria antolatzea..
2. Zergatik egiten zaie aitortza hau?
Elkarteek herriari eta herritarrei egiten dieten ekarpena eskertzeko modu bat da. Bide batez, herritarrei gurean erreferentzia positiboak baditugula erakutsi nahi izan diegu, eurak ere lan honetara erakartzeko ahalegina egitearekin batera.
Itziar Elorza
Egitasmoaren koordinatzailea
«Indartsu ikusten ditut. Ilusio eta motibazio handiarekin ari dira lanean»
Nola ikusten dituzu elkarteetako begiraleak? Indartsu daude?.
Nik oso indartsu ikusten ditut. Ilusio eta motibazio handiarekin ari dira lanean. Eta, begiraleen erreleboa arazo bezala bizi badute ere, uste dut elkarteak biziberritzeko ildoa lantzen hasteak indarberritu egin dituela. Behar berdintsuak dituzte guztiek eta irtenbideak kolektiboki lantzea beti da errazagoa. Babestuagoak sentitzen direla esango nuke.
IBAI SAAVEDRA
Udal Teknikaria
«Sortu den ilusioarekin, etorkizun polita aurreikusten dut»
Nola ikusten duzu begiraleen etorkizuna?.
Egia da Euskal Herrian auzolanak izan duen tradizioa eta indarra ez dela lehengoa, baina Pasaian badu indarra oraindik. Arazoei elkarrekin erantzuten hasteak sortu duen ilusioarekin, etorkizun polita aurreikusten dut. Begirale berriak lortzeko bideak lantzen hasiak gara, Begiraleen Eguna eta eskaini berri dugun aisialdiko begiraleentzako ikastaroa kasu, eta etorkizun hurbilean begirale gehiago izango ditugula uste dut. Eta orain arteko begiraleak berri hauen ondoan gustora ikusten ditut lanean.
Zer ematen dizu begirale izateak?
Boveda Gazte Elkartea:
Heziketa.
Ekaitza Gazte Taldea.
Konpromisoa.
Itsas Gela Elkartea.
Gogobetetasuna.
Sanpedrotarra Arraun Elk.
Asebetetzea.
Txasiss.
Alaitasuna.
Fama.
Asebetetzea.
Trintxer Hockey K. E.
Motibazioa.
CD Trintxerpe.
konpromisoa.
Trintxerpe Atletiko Kluba.
Autoestimua.
Lamiak Dantza Taldea.
Ilusioa.
Sanpedrotarra Futbol Elk.
Etorkizuna.
Bixi-Bixi.
Poza.
Pasaia Kayak.
Gogobetetzea.
Aisialdiko begirale ikastaroa antolatu dute Pasaian
Aisialdiko begirale ikastaroa antolatu dute Pasaian herriko 18 urtetik gorako gazteentzako. Bi behar nagusiri erantzu nahi diete: «Batetik, Pasaiako elkarteetan dagoen begirale beharrari aurre egiteko, dauden begiraleen erreleboa egiteko, eta haur nahiz nerabe gehiagori erantzun ahal izateko, eta bestetik, begirale euskaldunen beharrari erantzuteko». Modu horretan, «haur eta nerabeen hizkuntza eskubideak bermatu» nahi dituzte.
200 ordu teoria, 120 praktika
Begirale ikastaroa Urtxintxa eskolak emango du, eta behin ikasturtea bukatuta ikasleek Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua lortuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatutakoa.
Ikastaroan izena ematen dutenek 200 ordu teoriko eman beharko dituzte eta 120 ordu praktiko. Horrez gain, praktika aroaren memoria landu beharko dute.
Ikastaroa Trintxerpeko udal euskaltegian izango da, urritik ekainera bitartean. Larunbatetan izango dira eskolak, eta zortzi orduko saioak egingo dituzte, lau goizez eta lau arratsaldez.
Ikastaroa euskaraz izango da, eta ondorioz, hizkuntza gaitasun minimo bat eskatuko da ikastaroa egiteko. Gutxieneko gaitasuna duten edo ez zalantza duten gazteei elkarrizketa egingo diete Pasaiako Udaleko Euskara Zerbitzuan.
Bertakoentzako, doan
Ikastaroa pasaitar guztientzat eta elkarteetako begiraleentzat da doan. Hala ere, izena ematearekin batera ehun euro ordaindu beharko dituzte aurrerapen moduan, eta ondoren, abenduan, beste ehun euro.
Udalak ezarritako asistentzia eta aprobetxamendua betetzen badira, eta praktikak Pasaiako jardueraren batean egin badira, berrehun euroak itzuliko dizkiete ikasleei. Informazio gehiago pasaia.net-en eta 943 004349 telefono zenbakira deituta.