Mikel Markez: “Momentu honetan 20 urterekin bezala nago”
40 urte betetzearekin batera, disko berriarekin dator Mikel Markez (Errenteria-Orereta, 1971): Hiri hartan izan zen. Jada ez da musikan hasi zen mutil gaztetxo hura, baina hala sentitzen da, abantaila batekin: 40 urteko pertsona baten esperientzia duela. Azaroaren 20an egingo du aurkezpeneko lehen kontzertu handia Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Hala ere, badu etxean, Errenterian-Oreretan, aurkezteko asmoa ere. 40 urte bete berriak dituzu, eta bederatzigarren diskoa duzu hau. Heldutasunera iritsi zarela uste duzu? Nik badut zorte bat: hogei urtetik behin hamar gaztetzen naiz. Momentu honetan hogeirekin bezala nago [barrez]. 40 ditut, egia da, eta nire burua ikusten dut ispilu aurrean, eta ileak txurituta… baina hogei urteko energia dut. Noski, horrek abantaila bat dauka: esperientzia daukadala, 40 urtekoa, energia hogeikoa edukita. Egia da gauzak oso ezberdin ikusten ditudala orain. Lehen diskoa, binilozkoa, 19-20 urterekin atera nuen. Orduan banuen beste urgentzia bat: toki guztietara joan nahi duzu, leku guztietan kantatu… gosez zaude. Orain ez daukat lehengo urgentzia: nahiago dut autoan 140ra joan baino 100era joan. 40 urteen harira, adin horrekin izaten den krisi hori izan al duzu zuk? Modu existentzial batean hitz eginda, eduki nituen pare bat urte, 37-38 urterekin, pixka bat pattalagoak, barrutik: ‘Nondik jo?, Zer egin? Zertarako?’. Esaten da pasatzen dela, eta [...]
40 urte betetzearekin batera, disko berriarekin dator Mikel Markez (Errenteria-Orereta, 1971): Hiri hartan izan zen. Jada ez da musikan hasi zen mutil gaztetxo hura, baina hala sentitzen da, abantaila batekin: 40 urteko pertsona baten esperientzia duela. Azaroaren 20an egingo du aurkezpeneko lehen kontzertu handia Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Hala ere, badu etxean, Errenterian-Oreretan, aurkezteko asmoa ere.
40 urte bete berriak dituzu, eta bederatzigarren diskoa duzu hau. Heldutasunera iritsi zarela uste duzu?
Nik badut zorte bat: hogei urtetik behin hamar gaztetzen naiz. Momentu honetan hogeirekin bezala nago [barrez]. 40 ditut, egia da, eta nire burua ikusten dut ispilu aurrean, eta ileak txurituta… baina hogei urteko energia dut. Noski, horrek abantaila bat dauka: esperientzia daukadala, 40 urtekoa, energia hogeikoa edukita. Egia da gauzak oso ezberdin ikusten ditudala orain. Lehen diskoa, binilozkoa, 19-20 urterekin atera nuen. Orduan banuen beste urgentzia bat: toki guztietara joan nahi duzu, leku guztietan kantatu… gosez zaude. Orain ez daukat lehengo urgentzia: nahiago dut autoan 140ra joan baino 100era joan.
40 urteen harira, adin horrekin izaten den krisi hori izan al duzu zuk?
Modu existentzial batean hitz eginda, eduki nituen pare bat urte, 37-38 urterekin, pixka bat pattalagoak, barrutik: ‘Nondik jo?, Zer egin? Zertarako?’. Esaten da pasatzen dela, eta ziurtatu dezaket nik ere pasatu dudala. Baina konturatzen bazara bizitza honetan bakarrik zaudela, hori guztia bukatzen da. Familia dugu eta nik ere baditut bi alaba… baina funtsean, hemen bakarrik gaude. Zu zaude bakarrik zure buruarekin eta zuk egin behar dituzu gauzak. Hortaz konturatzen zarenean bukatzen dira krisiak.
Garai horretan sortzen diren galderen artean ere gizakia beti kezkatu dituen gaiak agertuko dira, eta horiek azaltzen dira diskoan, ezta?
Normalean kantagintzan bizitzako beste esparru batzuetan bezala, gai berberen bueltan gabiltza. Denoi interesatzen zaizkigun gaiak berberak dira. Zeintzuk? Maitasuna, heriotza eta bizitza, askatasuna, duintasuna, injustizia eta justizia… Alde batetik, guri interesatzen zaizkigunak, eta bestetik, jendeari interesatzen zaizkionak bizitzan aurrera egiteko. Zergatik kanta batzuek transzenditzen dute? Ukitzen dutelako jendearen behar edo sentimendu hori.
Gaiak berberak izan arren, kontatzeko moduak ere izango du zeresanik. Aldatu al da hori zugan?
Nik ezetz esango nuke. Filtroa aldatzen da,baina zu azkenean beti zara berbera. Aldatzen dira iritziak, ikuspuntuak, zu gizartean zauden tokia… baina funtsean, badaukazu nortasun bat, izateko modu bat, eta hori beti azalduko da. Nik uste dut badaukagula konstante genetiko bat.
Musikari dagokionez, Nueva Trova Cubana mugimendua asko interesatzen zaizu. Horren eragina nabaritzen al da diskoan?
Haizea zu zara, El viento eres tú Silvio Rodriguezen kantu bat da, euskaratuta. Hotza eta bikote zintzoa Mario Benedettiren poema bat da. Latinoamerikako mundu hori asko interesatu zait beti. Nueva Trova Cubana ere niretzako funtsezko erreferentzia izan da: Milanes, Rodriguez… Baditut ere belaunaldi gazte bateko lagunak, Novisima Trova Cubana mugimendukoak: Fran Delgado, Gerardo Alfonso…
Zerk erakartzen zaitu Latinoameriketako musikatik?
Kultura interesatzen zait, euren ikuspuntua… Gu europarrak gara, hotzagoak, atxikiagoak lurrari eta maitasunari… Eurak irekiagoak dira. Gu zuhaitzak bezalakoak gara, sustraiak dauzkagu eta lotuago gaude. Horiek, berriz, hankak dituzte eta batetik bestera mugitzen dira. Gustatzen zait nomada giro hori ere, esango nuke ez naizela oso atxikia, ez daukadala atxikimendu handirik, ez gauzei ezta pertsonei ere.
Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta… kolaboratzaile izan dituzu. Zer esan dezakezu eurei buruz?
Disko honetan etorri direnak lagunak dira. Uxue [Alberdi] eta Eñaut [Elorrieta] aspalditik ezagutzen ditut. Beti mantendu izan dugu harremana eta lagunak izan gara. Hiri hartan izan zen kantua nola grabatu pentsatzen ari nintzenean berehala ikusi nuen hiru ahotsetara grabatu behar nuela. Lehendabiziko estrofa a capella da, hiru ahotsetara. Aukera bat zen nik egitea hiru ahotsak, eta beste bat zen norbaitekin lantzea; horretan uste dut parez pare asmatu dudala. Kolaboratzaileen artean Erramun Martikorena ere badago. Ehunka kantaldi egin ditugu, bidaiatu dugu, bi aldiz izan gara elkarrekin Ameriketako Estatu Batuetan, eta une goxoak bizi izan ditugu hemen eta han. Nik bere diskoan [aste honetan aurkezten du] ere abesten dut. Beste kantu batean beste kolaboratzaile bat dago, Eneritz Aulestia, 16 urteko Zarauzko neska bat. Orain ari da kantatzen hasten, eta gustatzen zait bere ahotsa.
Orain aurkeztea tokatuko zaizu…
Orain arte bospasei kontzertu egin ditugu. Aurkezpen potentea, ordea, Viktoria Eugenian izango da, azaroaren 20an. Hor ikusiko da disko honen aurkezpena, Erramun Martikorenaren Gure lurretik diskoaren aurkezpena, eta hirugarren zatian biok ariko gara.
Kontzertu horietan zer jaso duzu jendearengandik?
Kantu berriek beti behar izaten dute aklimatazio garai bat, eta are gehiago oraindik diskoa atera ez denean. Jendeak diskoa etxean entzuten duenean, eta gero kantaldi batera doanean, kantuak ezagutzen ditu eta badu erreferentzia bat. Komunikazioa ezberdina da. Zaila da termometroa jartzea lehenengo entzunaldi batean. Hala ere, kantuek harrera ona izan dute. Oro har, uste dut inoiz baino bibrazio hobeagoak ditudala disko honekin.
Errenteria-Oreretan bizi al zara? Zein harreman daukazu herriarekin?
Orain Aian bizi naiz, baina astero etortzen naiz. Han ditut ama eta anaia zaharrena bizitzen, beste anaia, berriz, Lezon bizi da. Ez bada anaiaren etxera, amarenera joaten naiz, eta alderantziz. Harreman handia dut Errenteriarekin eta lagunak ere han ditut.
Asmoa duzu bertan kontzerturik emateko?
Bai, bai. Hurrengo urtean zehar Niessenen edo beste nonbait seguru izango garela.
