Zaharren egoitzako defizita hartzeko eskatu dio Udalbatzak Aldundiari
Irungo Udalbatzak zaharren udal egoitzaren defizita bere gain hartzeko eskatu zion Foru Aldundiari herenegun eginiko osoko bilkuran. Talde sozialistarena zen hasierako proposamena, baina EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Eztabaidaren ondoren bi testuak batzea erabaki zuten PSE-EE, EAJ eta PPk, eta haien bozkekin aurrera atera zen mozioa. Bilduk kontra bozkatu zuen eta EB abstenitu egin zen. Miguel Angel Paez sozialisten bozeramaileak azaldu zuen proposamenaren xedea: «Udalak milioi erdi euro inguru bideratzen ditu urtero egoitzara eta, legeak aurreikusi bezala, Aldundiak gastua bere gain hartuko balu, diru partida hori gastu sozialeko beste ekintza batzuetara bideratu ahal izango litzateke». Irungo egoitzaren defizitaren zatia bi hilabeteko epean ordaintzeko eskatzen dio Aldundiari sozialisten mozioak. Datozen egunotan, PSE-EEk antzerako testuak aurkeztuko ditu zaharren udal egoitzak dituzten herrialdeko beste hamabost udalerrietan. Bilduk, mozioari testu bat gehitzeko aukera aztertu zuen bozeramaileen batzordean, baina azkenean ez zuen bere proposamena osoko bilkurara eraman. «Ez dugu uste ezer lortuko dugunik horrekin», adierazi zuen koalizioko Oinatz Mitxelenak. Bere ustez, PSE-EEren idatziaren motibazioa politikoa zen, eta ez finantziaziokoa: «Hamar urtez luzatu den kontua da, eta orain lehen aldiz, gobernu batek gaiari serioski eta bere osotasunean heltzeko konpromisoa hartu duenean dator mozioa». Ildo beretik mintzatu zen Manuel Millan EBko ordezkaria. Millanek gogorarazi zuen irailaren 26an [...]
Irungo Udalbatzak zaharren udal egoitzaren defizita bere gain hartzeko eskatu zion Foru Aldundiari herenegun eginiko osoko bilkuran. Talde sozialistarena zen hasierako proposamena, baina EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Eztabaidaren ondoren bi testuak batzea erabaki zuten PSE-EE, EAJ eta PPk, eta haien bozkekin aurrera atera zen mozioa. Bilduk kontra bozkatu zuen eta EB abstenitu egin zen.
Miguel Angel Paez sozialisten bozeramaileak azaldu zuen proposamenaren xedea: «Udalak milioi erdi euro inguru bideratzen ditu urtero egoitzara eta, legeak aurreikusi bezala, Aldundiak gastua bere gain hartuko balu, diru partida hori gastu sozialeko beste ekintza batzuetara bideratu ahal izango litzateke». Irungo egoitzaren defizitaren zatia bi hilabeteko epean ordaintzeko eskatzen dio Aldundiari sozialisten mozioak. Datozen egunotan, PSE-EEk antzerako testuak aurkeztuko ditu zaharren udal egoitzak dituzten herrialdeko beste hamabost udalerrietan.
Bilduk, mozioari testu bat gehitzeko aukera aztertu zuen bozeramaileen batzordean, baina azkenean ez zuen bere proposamena osoko bilkurara eraman. «Ez dugu uste ezer lortuko dugunik horrekin», adierazi zuen koalizioko Oinatz Mitxelenak. Bere ustez, PSE-EEren idatziaren motibazioa politikoa zen, eta ez finantziaziokoa: «Hamar urtez luzatu den kontua da, eta orain lehen aldiz, gobernu batek gaiari serioski eta bere osotasunean heltzeko konpromisoa hartu duenean dator mozioa».
Ildo beretik mintzatu zen Manuel Millan EBko ordezkaria. Millanek gogorarazi zuen irailaren 26an Batzar Nagusietan oposizioko alderdiek testu bat adostu zutela, zeinetan Gobernuari dei egiten zioten sei hilabeteko epean herrialdeko zaharren egoitzen defizita konpontzeko proposamen bat aurkezteko. «Ez da serioa, hamar urtetan ezer aurreratu ez denean, eta duela hilabete Donostian mozio hori onartu denean, orain bi hilabeteko epean diru hori jartzeko exijitzea», esan zuen Millanek. Bilduk gobernuan hilabete gutxi daramatzala eta aurreko legealdian Batzarretan talderik ez zuela nabarmendu zuen Ezker Batuko zinegotziak.
Xabier Iridoi jeltzaleak bere taldeak prestatutako mozio alternatiboa aurkeztu zuen; Batzar Nagusietan onartutakoa eta PSE-EEren mozioaren eskaerak batzen zituena: Diputazioari arazoa konpontzeko sei hilabeteetan proposamen bat egiteko, eta bi hilabete baino lehen Irungo egoitzako defizita kitatzeko eskatzen zuen testuak.
Eztabaida luzatzen ari zela ikusirik, eta PSE-EEren eta EAJren moziak bateragarriak zirelakoan, jeltzaleen mozioko ekarpenak sozialisten mozioan gehitzea proposatu zuen, eta horrekin bat egin zuten PSE-EE, PP eta EAJko ordezkariek. Hiru alderdi horien aldeko eta Bildukoaren kontrako bozkekin aurrera irten zen mozioa; EB abstenitu egin zen.
Eraikuntzako langabeen eskaria
Eskari eta galderen tartean Bilduko Oinatz Mitxelenak eskaera bat egin zion Udal Gobernuari, ezinbestekoa ez denean ezohiko udalbatzak deitu ez ditzan. Bere hitzetan, «ohiko bilkurak edukirik gabe geratzen dira horrela».
Eta zinegotzien txanda amaituta Gipuzkoako Eraikuntzako Langabetuen Plataformako ordezkari batek hitza hartu zuen. Lan publikoetan Gipuzkoako hitzarmena betetzeko kanpainia egiten ari dira eta, besteak beste, arloko lan hitzarmenak zehazten duena baino gutxiago ordaintzen duten enpresariei isunak jartzea eta lizitazio lehiaketetan puntuak kentzeko erabakia hartzea eskatu zioten Irungo Udalbatzari.
Haien eskaera azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehenago aztertzea galdegin zuen plataformako kideak. Ez dirudi hala gerta daitekeenik, hurrengo udalbatzarr azaroaren 30ean izango baita. Nolanahi ere, modu batera edo bestera gaia aztertu eta erantzun bat emango dutela ziurtatu zien Jose Antonio Santano alkateak.