Euskal Kantu Txapelketaren laugarren ekitaldia eginen dute igandean
2006, 2007 eta 2009ko edizioen arrakastaren ondotik, Hendaiako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak Euskal Kantu Txapelketa antolatuko du aurten laugarren aldiz, Haur eta Gazte Animazio zerbitzuko eskolako haurtzaindegiekin elkarlanean. Etzi izanen da, ig...
2006, 2007 eta 2009ko edizioen arrakastaren ondotik, Hendaiako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak Euskal Kantu Txapelketa antolatuko du aurten laugarren aldiz, Haur eta Gazte Animazio zerbitzuko eskolako haurtzaindegiekin elkarlanean. Etzi izanen da, igandearekin, Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekuan, eta lehen mailako ikastetxe guztietako haurrei irekia da.
Bi urtetan behin antolatzen duten egitasmoa da. Euskal Kantu Txapelketaren bitartez, haurrek euskal kantu herrikoiak ikasteko aukera dute, eta gisa horretan gure kultur ondarearen transmisioa era ludiko batez sustatzen dute. Bestalde, euskararen bitartez lotura humanitario bat sortu nahi da, kontzertuaren diru-sartze guztiak haur elbarrituak laguntzen dituen Aurreratu elkarteari emanez.
Eta aurten ere, herriko haurrek baietz esan diote ekimenari: Hendaiako 1. mailako eskola ia guztietako 200 bat izanen dira igandean Beltzeniako eszenatokira igoko direnak euskal abestiak kantatzeko.
