295 langabe gehiago Oarso Bidasoan
Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak jakinarazi duenez, azaroaren bukaeran urriaren 31n baino 295 langabe gehiago zeuden Oarso Bidasoan. Hala, azken hilabetean 114 langabe gehiago zeuden Bidasoan, eta 181 Oarsoaldean. Horregatik, bi eskualdeak Gipuzkoako langabezia tasarik altuena dutenak dira: Bidasoan 5.516 langabe zeuden azaroaren 30ean (%13,93), eta 4.698 (%13,25) Oarsoaldean. Iazko hilabete berean 5.377 pertsona zeuden lanik gabe Bidasoan (%13,49), eta 4.327 (%12,17) Oarsoaldean. Beraz, Pasaian, Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen gehiago igo da langabezia azken urtean Irunen eta Hondarribian baino.
Gipuzkoan langabe gutxien dituzten eskualdeak Debagoiena (%9,13) eta Urola-Kosta (%9,92) dira. Gipuzkoako batez besteko langabezia tasa %11,51koa da, eta lanik gabe 41.012 pertsona daude. Iazko azaroaren bukaeran 39.492 pertsona zeuden lanik gabe herrialdean.