Herrera Herrira: «Pasaian bada biziberritzeko proposamena»
Herritarren batzordeak kargu hartu die beren proposamena kontuan hartu gabe biziberritzea hizpide dutenei. Gipuzkoako erakundeei eskutitz irekia. Hor bada norbait? izenburupean, azken asteotan Pasaiako biziberritzeaz han eta hemen antolatu dituzten foroetan egin dituzten adierazpenei erantzun die Herrera Herrira herritarren batzordeak. «Paradoxikoki, auzi honetan benetako protagonistak, herritarrak eta udalak, ez dute izan inongo eztabaida eta foroetan aukera berdintasunean parte hartzerik», salatu dute. Horren aurrean, herritarrek landutako proposamena mahai gainean dagoela eta udalak bere egin duela gogorarazi dute: «Zoritxarrez, argi eta garbi gogorarazi behar diegu Pasaian badela biziberritzeko proposamena, herritarrek sortutakoa». 2009an ekin zion lanari Herrera Herrirak eta bi urteko epean, 165 lagun baino gehiagok parte hartu dute kaiko Herrera ordenatzeko landu duten proposamena eraikitzen. Egoera iraultzeko giltza Herritarren proposamena bere egin zuen udalak lehengo maiatzaren 18ko udalbatzarrean. Horrez gain, Pasaiako eragile sozial, politiko eta kulturalen artean 6.000tik gora atxikimendu lortu dituzte proposamena plazaratu zutenetik. Herrera Herrira batzordearen arabera, herritarrek biziberritzerako landutako proposamena «era egokian kudeatuta herriaren egungo errealitatea iraultzeko» baliagarria litzateke. Gogorarazi dutenez, herritarren proposamenak azpiegiturak ez ezik, biziberritze ekonomiko, sozial zein kulturalerako lan lerroak jasotzen ditu. Udalaren babesarekin, proposamenak kalean ez ezik, erakundeetan ere bide bat egina duela ohartarazi dute. Deiak Herrera Herrira batzordearen arabera, erakundeek eta bestelako eragile ekonomikoek [...]
Herritarren batzordeak kargu hartu die beren proposamena kontuan hartu gabe biziberritzea hizpide dutenei.
Gipuzkoako erakundeei eskutitz irekia. Hor bada norbait? izenburupean, azken asteotan Pasaiako biziberritzeaz han eta hemen antolatu dituzten foroetan egin dituzten adierazpenei erantzun die Herrera Herrira herritarren batzordeak. «Paradoxikoki, auzi honetan benetako protagonistak, herritarrak eta udalak, ez dute izan inongo eztabaida eta foroetan aukera berdintasunean parte hartzerik», salatu dute.
Horren aurrean, herritarrek landutako proposamena mahai gainean dagoela eta udalak bere egin duela gogorarazi dute: «Zoritxarrez, argi eta garbi gogorarazi behar diegu Pasaian badela biziberritzeko proposamena, herritarrek sortutakoa». 2009an ekin zion lanari Herrera Herrirak eta bi urteko epean, 165 lagun baino gehiagok parte hartu dute kaiko Herrera ordenatzeko landu duten proposamena eraikitzen.
Egoera iraultzeko giltza
Herritarren proposamena bere egin zuen udalak lehengo maiatzaren 18ko udalbatzarrean. Horrez gain, Pasaiako eragile sozial, politiko eta kulturalen artean 6.000tik gora atxikimendu lortu dituzte proposamena plazaratu zutenetik.
Herrera Herrira batzordearen arabera, herritarrek biziberritzerako landutako proposamena «era egokian kudeatuta herriaren egungo errealitatea iraultzeko» baliagarria litzateke. Gogorarazi dutenez, herritarren proposamenak azpiegiturak ez ezik, biziberritze ekonomiko, sozial zein kulturalerako lan lerroak jasotzen ditu.
Udalaren babesarekin, proposamenak kalean ez ezik, erakundeetan ere bide bat egina duela ohartarazi dute.
Deiak
Herrera Herrira batzordearen arabera, erakundeek eta bestelako eragile ekonomikoek gutxietsi egiten dute herritarren proposamena, eta horregatik, hainbat enplazamendu egin dituzte hedabideetara igorritako oharraren bidez. «Historia honen benetako protagonistak inork gonbidatzen ez dituela ikusita, erakunde, Portu Agintaritza eta alderdiei gure ustez lehentasunezkoak diren horiei buruz hainbat iritzi helarazten ausartuko gara», esan dute. Portu Agintaritzako buru Lucio Hernandori gonbidapen zuzena helarazi diote: «Gurekin batera proposamena egiaztatu eta aztertzeko». Era berean, kaiko Herreraren lurrak libratzeko eta herritarrek eta udalak erabakitakoa gauzatzeko bidea zabal dezala eskatu diote Portu Agintaritzako buruari.
Gainontzeko alderdiei eta erakundeei, kanpo kaiaren eztabaida bazterrean uzteko eskatu diete, eta horren ordez, datorren urteko aurrekontuetan Pasaia biziberritzeko zein konpromiso hartuko dituzten argitzeko eskatu diete, «gobernuan edo oposizioan egon».

