Euskara Biziberritzeko Plana martxan jarriko dute
Hondarribiko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen aho batez iazko azken udalbatzarrean. Hala, ostiral goizean Txomin Sagarzazu Euskara zinegotziak, planaren helburuak azaldu zituen. «Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu garrantzitsuena euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da: maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotuz», esan zuen Sagarzazuk. Hamar esparru hartu dituzte kontuan: familia transmisioa, euskalduntzea–prestakuntza, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, hedabideak eta teknologia berriak. Esparru horietan hemezortzi helburu hitzartu dituzte, eta estrategia batzuk landuz jorratuko dituzte, 114 ekintzaren bidez. Asmo nagusien bilduma 2015era arteko ikuspegiarekin egin dute, eta horretarako euskararen zeharkakotasuna «oso kontuan» hartu dute. Aho batez onartuta Euskara zinegotzia pozik azaldu zen plana martxan jarriko dutelako. «Bereziki aipatu nahi nuke udal talde guztien adostasunarekin onartutako egitasmo bat dela, aho batez onartu genuen eta. Asmo nagusien bilduma bat da, bost urteko ikuspegiarekin. Bi hitzetan esanda, helburu hau betetzeko ondorengo urteotan udalak euskararen alorrean egingo duena zehazten duen dokumentua edo erreferentzia-markoa da plana», esan zuen Sagarzazuk. Plana garatzeko, udalerrian euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin Hondarribiko Udalak burutzen dituen ekimenak kontuan hartu behar direla esan zuen Sagarzazuk. Plana osatzeko ekarpenak egin dituzte hezkuntzan, euskalduntzean, merkataritzan, [...]
Hondarribiko Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu zuen aho batez iazko azken udalbatzarrean. Hala, ostiral goizean Txomin Sagarzazu Euskara zinegotziak, planaren helburuak azaldu zituen. «Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburu garrantzitsuena euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da: maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotuz», esan zuen Sagarzazuk.
Hamar esparru hartu dituzte kontuan: familia transmisioa, euskalduntzea–prestakuntza, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, hedabideak eta teknologia berriak. Esparru horietan hemezortzi helburu hitzartu dituzte, eta estrategia batzuk landuz jorratuko dituzte, 114 ekintzaren bidez. Asmo nagusien bilduma 2015era arteko ikuspegiarekin egin dute, eta horretarako euskararen zeharkakotasuna «oso kontuan» hartu dute.
Aho batez onartuta
Euskara zinegotzia pozik azaldu zen plana martxan jarriko dutelako. «Bereziki aipatu nahi nuke udal talde guztien adostasunarekin onartutako egitasmo bat dela, aho batez onartu genuen eta. Asmo nagusien bilduma bat da, bost urteko ikuspegiarekin. Bi hitzetan esanda, helburu hau betetzeko ondorengo urteotan udalak euskararen alorrean egingo duena zehazten duen dokumentua edo erreferentzia-markoa da plana», esan zuen Sagarzazuk.
Plana garatzeko, udalerrian euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin Hondarribiko Udalak burutzen dituen ekimenak kontuan hartu behar direla esan zuen Sagarzazuk. Plana osatzeko ekarpenak egin dituzte hezkuntzan, euskalduntzean, merkataritzan, ostalaritzan, kirolean, aisian, eta kulturan lanean dabiltzan eragileetako kideek.

