50 urteko errepresioaren balantzea jasotzen duen liburua aurkeztu dute
Lezok azken mende erdi honetan jasandako errepresioaren testigantzak biltzen dituen liburua idatzi du Jorge Tito Labordetak. Atzo arratsean egin zuten Lezo, 50 urtean errepresioa liburuaren aurkezpena, Gezalan. Egileak azaldu du egitasmoa duela bi urte hasi zela, “errepresioaren gaineko datuak biltzeko eta ahanzturan ez gelditzeko”. 50 urtetako balantzea egin zuen: 53 preso, bi deportatu, bi hildako… “Horiek dira guk bildutako datuak”, esan zuen Labordetak, “baina gehiago egon daitezke, ziur”. Herritarrei eskatu zien errepresioaren gaineko datu gehiago badituzte, esateko. Gertaera horiek berez sortu ez direla esan zuen Labordetak, “planifikatutako estrategiaren ondorioa izan da”. Hori islatu nahi izan duela esan du. Horrez gain, etorkizuneko belaunaldiei jakinarazi nahi die Lezon badagoela jendea “herria maitatzea oso garesti ordaindu dutenak”. Horrez gain, errepresioa pairatu dutenen senideak izan zituen gogoan, “beste batzuek beste alde batera begiratzen zutenean”. Gaur egun errepresioak jarraitzen duela gogorarazi zuen Labordetak: “Bi preso ditugu Lezon, Tiñelu bahitua dago, Alderdien Legeak zutik dirau…”. Gatazkaren dimentsio Labordetak baino lehen, Euskal Memoria Fundazioko kide Joxean Agirrek hartu zuen hitza. Gogorarazi zuen fundazioaren lehen hitzaldia Lezon izan zela, eta garai hartan errepresioaren biktimak izan zirenen kontaketa 350ekoa zela. “Orain, bi urteko lanaren ondoren, 476 zerrendatu ditugu”, esan zuen Agirrek. Atzoko ekitaldia Karlos Saldiseren hilketaren urteurrenaren harira [...]
Lezok azken mende erdi honetan jasandako errepresioaren testigantzak biltzen dituen liburua idatzi du Jorge Tito Labordetak. Atzo arratsean egin zuten Lezo, 50 urtean errepresioa liburuaren aurkezpena, Gezalan.
Egileak azaldu du egitasmoa duela bi urte hasi zela, “errepresioaren gaineko datuak biltzeko eta ahanzturan ez gelditzeko”. 50 urtetako balantzea egin zuen: 53 preso, bi deportatu, bi hildako… “Horiek dira guk bildutako datuak”, esan zuen Labordetak, “baina gehiago egon daitezke, ziur”. Herritarrei eskatu zien errepresioaren gaineko datu gehiago badituzte, esateko.
Gertaera horiek berez sortu ez direla esan zuen Labordetak, “planifikatutako estrategiaren ondorioa izan da”. Hori islatu nahi izan duela esan du. Horrez gain, etorkizuneko belaunaldiei jakinarazi nahi die Lezon badagoela jendea “herria maitatzea oso garesti ordaindu dutenak”.
Horrez gain, errepresioa pairatu dutenen senideak izan zituen gogoan, “beste batzuek beste alde batera begiratzen zutenean”. Gaur egun errepresioak jarraitzen duela gogorarazi zuen Labordetak: “Bi preso ditugu Lezon, Tiñelu bahitua dago, Alderdien Legeak zutik dirau…”.
Gatazkaren dimentsio
Labordetak baino lehen, Euskal Memoria Fundazioko kide Joxean Agirrek hartu zuen hitza. Gogorarazi zuen fundazioaren lehen hitzaldia Lezon izan zela, eta garai hartan errepresioaren biktimak izan zirenen kontaketa 350ekoa zela. “Orain, bi urteko lanaren ondoren, 476 zerrendatu ditugu”, esan zuen Agirrek.
Atzoko ekitaldia Karlos Saldiseren hilketaren urteurrenaren harira egin zuten. Saldiseren oroimena gordetzea txalotu zuen, baina “ezkutuan dauden biktimak” ere badaudela nabarmendu zuen: “Duela bi urte Karlosen arreba Kororekin bildu nintzen, haren testigantza jasotzeko. Nik ez nekien, baina arreba zauritua izan zen Pepe Barriosen aldeko manifestazio batean, eta hanka galtzeko arriskuarekin dago oraindik ere, 31 urte eta gero». Beretzako “katarsia” izan zela esan zuen, horrelako istorioak ere ezagutzea.
Txileko diktaduran nazioartean “izugarrikeria” bezala ikusten dela esan zuen Agirrek: “Pinocheten garaian, mila biztanletik bi torturatuak izan ziren. Euskal Herrian, berriz, alderatuz gero, 2,1 dira… eta Lezon hamar. Horrek adierazten du Euskal Herrian errepresioak izan duen dimentsio sozial, politiko eta humano ikaragarria”.
Oarsoaldean errepresioak 22 hildako utzi dituela gogorarazi zuen, “tartean Oreretan kartabonba batek hil zuen Josean Cardosa postaria”. Esan zuenez, ETAren biktimek euren zerrendetan dute Cardosa, “baina hori ez zen hala izan”.
“Herri arnasa”
Agirrek esan zuenez, Euskal Memoriarena “memoria ariketa” izan nahi du, eta herri arnasa bildu. Horregatik, memoria ariketa egin nahi dute, eta Lezon egin dena «klonatu”. Esan zuenez, “egia ezagutzeak gatazkak alde guztietan eragina izan duela onartzea da”. Gaineratu zuenez, “hemendik urte gutxira Egiaren Batzordea sortuko da, eta gatazkaren ondorioak aztertuko dira. Biolentzia guztien testigantzak behar dira, eta horretarako ari gara lanean”.