Antxoko gazte asanbladako kideak zer egiten duten, eta barrutia eta mundua nola ikusten duten zabaltzeko hedabidea egiten hasi dira. Hilabetekaria da, eta paperean eta Interneten banatzen dute.
Pasai Antxoko gaztetxeko kideek hedabidea sortu dute, Zizt! Ohiko euskarria, paperekoa, eta teknologia berriekin lotura duena, Internetekoa, erabili dute hedabide berria zabaltzeko. Papereko aldizkaria herriko toki publikoetan utzi dute irakurtzeko, tabernetan batik bat. Aldizkari birtuala gaztetxekoen Facebook orrialdean ikus daiteke. Hilabetekaria izango da. Baina zergatik egin dute barrutiko gazteek informazio euskarri berria?
Zalantza hori argi eta garbi uxatu dute antxotarrek: «Gaztetxeak egindako ekintzak teloi atzean ez geratzeko, herritarrek gu kontuan hartzeko eta haiengana hurbiltzeko, eta gaurkotasunezko gaiei ziztada emateko kaleratu dugu aldizkaria». Otsaileko zenbakia lehena izan da, eta antxotarren artean eragina izan du gazteek zizt egiteko sentitu duten beharra.
Zabalik
Aldizkaria egiteko asmoa gaztetxetik sortu bada ere, edukian edonork lagundu dezakeela nabarmendu dute Axular plazan egoitza duen eragileko kideek, ekarpenetara zabalik dagoela, alegia: «Bere iritzia edo notizia eman nahi duen edonor gonbidatu nahi dugu aldizkarian parte hartzera». Hala, Zizt! izenak gaztetxearen irudiarekin lotura zuzena duela —erle bat da logoa— nabarmendu dute, eta antxotarrei ziztada eman nahi dietela aitortu dute.
Horretarako, lehen zenbakian interesezko hainbat gai landu dituzte hilabetekarian: presoen gaiarekin erreportajea, gaztetxearen jardueren gaineko iritzi artikulua eta erreportajea…