‘Bidasoa on the road’, berrikuntza irekia enpresa txikien neurrira
Irun eta Hondarribiko udalek industria arloko enpresentzako berrikuntza irekiaren gaineko programa bat abiatuko dute Bidasoa Bizirik Garapen Agentziaren bitartez, eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Bidasoa on the road du izena, eta eskualdeko enpresetan berrikuntza irekiaren kontzeptua barneratu nahi du, lehiakortasunean irabaz dezaten. Berrikuntza irekia modan dagoen kontzeptua da, bizitza pertsonal zein profesionaleko hainbat arlotan erabiltzen dena. Bada, Behe Bidasoko garapen agentziak uste du berrikuntza irekiak onura asko ekar diezaizkiela industria arloko enpresei, txikiei batez ere. Horregatik, Bidasoa on the road ekimena abiatu dute, enpresa horien lehiakortasuna hobetze aldera: “Berrikuntza irekia gure eskualdeko industria enpresetan planak diseinatzeko, enpresa horien lehiakortasuna hobetzeko eta gero eta globalagoa eta lehiakorragoa den merkatu batean irauteko aukerak handitzeko helburuarekin abian jarri dugu”. Bide horretan hainbat baliabide emango diete enpresei. Teoria eta praktika Bidasoa Bizirik-ek esan duenez. Bidasoa on the road proiektu «berritzailea» da, “enpresei berrikuntza irekiaren teorian eta praktikan prestakuntza izateko aukera” ematen diena. Gainera, Bidasoa on the road programaren bitartez, krisi garaian eta lan mundu globalizatuan aurrera egiteko erantzun beharreko galderak erantzuten lagundu nahi diete Irun eta Hondarribiko enpresei: “Nola sartuko ditut nire bezeroak produktu berriak diseinatzeko eta garatzeko nire prozesuan? Nola sartuko dut nire berrikuntza prozesuan egungo beste bezero-segmentu batzuei buruzko ezagutza? Nola definitu eta [...]
Irun eta Hondarribiko udalek industria arloko enpresentzako berrikuntza irekiaren gaineko programa bat abiatuko dute Bidasoa Bizirik Garapen Agentziaren bitartez, eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Bidasoa on the road du izena, eta eskualdeko enpresetan berrikuntza irekiaren kontzeptua barneratu nahi du, lehiakortasunean irabaz dezaten.
Berrikuntza irekia modan dagoen kontzeptua da, bizitza pertsonal zein profesionaleko hainbat arlotan erabiltzen dena. Bada, Behe Bidasoko garapen agentziak uste du berrikuntza irekiak onura asko ekar diezaizkiela industria arloko enpresei, txikiei batez ere.
Horregatik, Bidasoa on the road ekimena abiatu dute, enpresa horien lehiakortasuna hobetze aldera: “Berrikuntza irekia gure eskualdeko industria enpresetan planak diseinatzeko, enpresa horien lehiakortasuna hobetzeko eta gero eta globalagoa eta lehiakorragoa den merkatu batean irauteko aukerak handitzeko helburuarekin abian jarri dugu”. Bide horretan hainbat baliabide emango diete enpresei.
Teoria eta praktika
Bidasoa Bizirik-ek esan duenez. Bidasoa on the road proiektu «berritzailea» da, “enpresei berrikuntza irekiaren teorian eta praktikan prestakuntza izateko aukera” ematen diena.
Gainera, Bidasoa on the road programaren bitartez, krisi garaian eta lan mundu globalizatuan aurrera egiteko erantzun beharreko galderak erantzuten lagundu nahi diete Irun eta Hondarribiko enpresei: “Nola sartuko ditut nire bezeroak produktu berriak diseinatzeko eta garatzeko nire prozesuan? Nola sartuko dut nire berrikuntza prozesuan egungo beste bezero-segmentu batzuei buruzko ezagutza? Nola definitu eta garatuko dut beste enpresa batzuekin batera aurrera eramateko lankidetza estrategia bat? Nola egingo dut langileek berrikuntza prozesuan parte har dezaten?”. Enpresariek dituzten zalantza horiek argitzen saiatuko dira.
Mondragon Unibertsitatearekin (MU) batera prestatutako proiektua da. Badira urte batzuk Bidasoa Bizirik-ek eta MUko Bidasoko Kanpusak elkarlana hasi zutenetik, eta berrikuntza irekiaren gainean ere elkarrekin jardungo dute bi erakundeek. Finean, enpresek berrikuntza irekiaren alor teoriko eta praktikoan prestakuntza izatea nahi dute, eta programan parte hartuko duen enpresa bakoitzak berrikuntza irekiko mekanismoak ezartzeko plana eduki beharko du. Modu horretara, MUko ikasleak lan munduan sartzen direnean, MUn jaso duten formakuntza baliatu ahal izango dute, enpresek ere formakuntza hori jaso badute.
Hurrengo hitzorduak
Otsailaren 28an aurkeztu zuten Bidasoa on the road, eta datozen asteetan abiatuko dute. Garapen agentziatik hurrengo urratsen berri eman dute. Aurrena, zortzi orduko prestakuntza saioa egingo dute berrikuntza irekiaren gainean. Horretan interesa duten enpresa guztiek parte har dezakete.
Ondoren, launa orduko bi prestakuntza saio egingo dituzte: tailer formatuan berrikuntza irekiko mekanismo bat zer den azalduko dute bertan. Eta bukatzeko, enpresa bakoitzaren beharren araberako plana definituko dute; horretarako banakako saioak antolatuko dituzte.
Bidasoa Bizirik-ek antolatzen dituen ekitaldi gehienak bezala, Bidasoa on the road programa ere irekia da, baina eskualdeko industria sektoreko enpresentzako bereziki egokia da. Hala, proiektuan parte hartu nahi duten guztiek, edo informazio gehiago behar dutenek, 943 63 30 76 telefono zenbakira deitu edo posta elektroniko bat bidal dezakete. Hori bai, izena emateko azken eguna hilaren 15a dela jakinarazi dute.
