Karmele Mitxelena eta Maite Ruiz de Azua dira Mariasun Landa Sarietako irabazleak
Emakumeen Eguneko ekitaldien haritik, larunbatean jakinarazi zituzten Mariasun Landa Sariaren irabazleen izenak. Karmele Mitxelena eta Maite Ruiz de Azua dira. Lehenengoak Sorkun musikariari buruzko lana idatzi du, eta bigarrenak, berriz, senide bat izan du protagonista: Julia Irazu amona. Xenpelar Etxean banatu zituzten sariak, eta bertan izan zen Mariasun Landa idazlea ere. Bere eskutik jaso zuten garaikurra irabazleek. Bi sari banatu zituzten. Emakumeei Begiradarik Onena saria Ruiz de Azuari eman zioten, Julia Irazu, una de aquellas maestras pioneras idazlanagatik. Lan horretan, XX. mendeko emakume baten bizitza erakusten du idazleak, bere amona izandakoarena, hain zuzen; irakaslea izan zen. Ildo horri jarraituz, beste emakume maistren bizitza eta bizimodua kontatzen ditu. Epaimahaiak nabarmendu du kazetaritza lana baino biografikoa dela, eta beste modu batera, kontatu gabe gera zitekeen istorio bat ezagutarazi duela. Mitxelenak, berriz, Emakumeen Begiradarik Onena saria irabazi du Dena duna lanagatik. Sorkun abeslariaren sorrera eta bilakaera kontatu ditu egileak. Epaimahaiak “ondo idatzita” dagoela eta “kazetaritza jantziari eskaintzen zaion zorroztasuna” nabarmendu ditu, eta “ikuspegi pertsonala” duela adierazi du, “bere iritzia eta gustua azalduz”. Azuak adierazi zuen “poz handia” dela herrian bertan saritzea, eta Elixabete Perez Gaztelu irakasleak sari banaketan esandako hitz batzuk izan zituen gogoan: “Inork ezagutzen ez bazaitu ez zara inor”. Horrez gain, [...]
Emakumeen Eguneko ekitaldien haritik, larunbatean jakinarazi zituzten Mariasun Landa Sariaren irabazleen izenak. Karmele Mitxelena eta Maite Ruiz de Azua dira. Lehenengoak Sorkun musikariari buruzko lana idatzi du, eta bigarrenak, berriz, senide bat izan du protagonista: Julia Irazu amona. Xenpelar Etxean banatu zituzten sariak, eta bertan izan zen Mariasun Landa idazlea ere. Bere eskutik jaso zuten garaikurra irabazleek.
Bi sari banatu zituzten. Emakumeei Begiradarik Onena saria Ruiz de Azuari eman zioten, Julia Irazu, una de aquellas maestras pioneras idazlanagatik. Lan horretan, XX. mendeko emakume baten bizitza erakusten du idazleak, bere amona izandakoarena, hain zuzen; irakaslea izan zen. Ildo horri jarraituz, beste emakume maistren bizitza eta bizimodua kontatzen ditu. Epaimahaiak nabarmendu du kazetaritza lana baino biografikoa dela, eta beste modu batera, kontatu gabe gera zitekeen istorio bat ezagutarazi duela.
Mitxelenak, berriz, Emakumeen Begiradarik Onena saria irabazi du Dena duna lanagatik. Sorkun abeslariaren sorrera eta bilakaera kontatu ditu egileak. Epaimahaiak “ondo idatzita” dagoela eta “kazetaritza jantziari eskaintzen zaion zorroztasuna” nabarmendu ditu, eta “ikuspegi pertsonala” duela adierazi du, “bere iritzia eta gustua azalduz”.
Azuak adierazi zuen “poz handia” dela herrian bertan saritzea, eta Elixabete Perez Gaztelu irakasleak sari banaketan esandako hitz batzuk izan zituen gogoan: “Inork ezagutzen ez bazaitu ez zara inor”. Horrez gain, “maistrengatik garena garela” esan zuen.
Mitxelenak adierazi zuen Sorkun, ezaguna izan arren, ezezaguna dela gizonen munduan egin duen ibilbidea, eta hori ezagutarazi nahi izan duela.
Epaimahaiko kideak
Epaimahaia Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, Maite Gomez Blanco Berdintasun teknikariak, Agus Cano eta Karmele Fernandez Berdintasun Kontseiluko kideek, Koldo Ordozgoiti Oarso aldizkariko erredakzio taldeko kideak eta Ainara Gurrutxaga kazetariak osatu dute.