Beran eta Donostia aldean lizentzia bana lortzen saiatuko da Antxeta Irratia.
URTZI URKIZU/BERRIA (
BERRIAra lotura zuzena)
Iparraldeko Euskal Irratietarako hainbat zeregin bete ditu azkeneko urteetan Agus Hernanek (Irun, Gipuzkoa, 1962).
Zer lekutan aurkeztu behar duzue irrati lizentzien lehiaketan eta zergatik?
Nafarroan, Beran aurkeztuko gara, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Donostian. Antxeta irratiak frekuentzia legala du Hendaian, baina Irunen egoera ez da legala. Guretzat, garapen natural bat da geografikoki Berara zabaltzea, eta horregatik erabaki dugu bertan aurkeztea. Donostiaren kasuan, azterketa bat egin genuen Itelazpi enpresarekin. Irunen ez dago deialdian frekuentziarik. Donostian, berriz, Hondarribiraino sartzeko aukera izango genuke. Beste argudio bat da Donostia aldean irrati komunitario bat sartzea garrantzitsua zela. Euskararentzat bi irrati gordetzen dira, eta Arrosa saretik hiriburu guztietan hautagai nahikoak aurkezteko lanean aritu gara.
Zer helburu komun finkatu zenituzten Arrosa sarean?
Batetik, alegazio batzuk aurkeztu genituen. Irrati komunitarioen eskubideak defendatzea eskatu genuen. Bestetik, euskarari zor zaion errespetuan aski proiektu egon behar zutela pentsatu genuen. Logika horren baitan erabaki dugu Donostian aurkeztea. Lasarte eta Usurbileraino iristen da, gainera, frekuentzia hori.
Zer ekarriko lioke Antxeta irratiari Donostian lizentzia bat lortzeak?
Proiektua berriro kokatzea. Ekarriko luke Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako eskualdearentzat bakarrik lan egin beharrean askoz eskualde handiago baterako lan egitea. Aldaketa garrantzitsua da. Baina iruditzen zaigu garrantzitsua dela irrati komunitario euskaldun indartsu bat egotea Donostia aldean. Halako irrati batek zabaltzen dituen balioak ere kontuan hartu behar dira.
Euskarazko hautagai gehiago egongo al dira Donostian?
Hautagai komunitario gehiago badaude, niretzat primeran, eta animatuko ditut. Kontua da sektorea presente egotea, ez Antxeta egotea. Deialdi bat egin dute non irrati komunitarioak kanpoan utzi dituzten.
Irrati erdaldunei ez zaie obligaziorik ezartzen euskarazko emanaldirik egiteko. Zer iritzi duzu oinarrietaz alde horretatik?
Oso kritikoak gara, hainbat faktorerengatik. Euskararentzat erreserba batzuk daude, baina ez badago nahiko hautagaitzarik edo eskatutakoa betetzen ez badute, gaztelaniazkoentzat pasatzen dira. Beste lizentzietan, euskara oso gutxi puntuatzen da. Ez dago puntu gehigarririk euskaraz aritzegatik. Bestalde, guk eskatu genuen bizpahiru hilabete izatea proiektuak aurkeztu ahal izateko, eta epeak oso laburrak dira. Fiantzen kasuei dagokienez, oso altuak dira. Donostian, 24.000 euro lortu behar ditugu bermerako. Proiektuak 100 orrialdetara mugatuak daude, eta horietan alor teknikoak parte handia jaten du. Guk azpimarratu behar dugu irrati komunitarioen rola gizartean, eta horretarako leku gutxi gelditzen zaigu. Ez digute aukera ematen gure berezitasuna ondo lantzeko.
Madrilgo kate handiek aukera gehiago al dituzte lizentziak lortzeko?
Teorikoki ez luke hala behar. Baina erraztasun gehiago dituzte alor teknikoa lantzeko eta bermeak ordaintzeko. Ni oso eszeptikoa naiz Gasteizko dekretuarekin. Euskal hedabideen lege bat beharko genuke defendatzen duena hemen esparru komunikatibo bat.
Gai honekiko presio sozial gutxi sumatzen dela adierazi dute Ramon Zallok eta beste lagun batzuek.
Euskal Herriko esparru komunikatiboaren eztabaida eta horren barruan irrati dialaren egoera ez dago agenda politikoan. Dialaren egoera ilegaltasun osoan dago. Lehiaketa honekin parte bat konponduko da, baina beste irrati askok ilegaltasunean lanean jarraituko dute. Diala erregularizatzea eskatzen dugun bakarrak irrati komunitarioak gara.
Euskal Irratien parte da Antxeta. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian nolakoa da egoera?
Egoera askoz hobeto dago. Dialean ez dago irrati alegalik. Diala erregulatuta dago, eta herena irrati komunitarioentzat gordea dago. Ipar Euskal Herrian hamar irrati komunitario daude, horietatik bost euskaraz. Frekuentzia lortzea errazagoa da. Muga batzuk badaude, baina eztabaida soziala dezente handiagoa da.