Udalbiltza berrantolatzearen aldeko "konpromisoa" aldarrikatu dute Irunen
“Inoiz baino beharrezkoagoa” ikusten dute Udalbiltzaren alde egitea, eta atxikimenduak jasotzeko “nazio ekimena” abiatu dute. 26 hautetsik agerraldia egin dute gaur, Ficoban.
Euskal Herriko udal hautetsi eta udalerrien biltzarraren berrantolaketaren bidean, “konpromisoa hartzeko” deia egin dute gaur goizean Udalbiltzako 26 hautetsik. Horrela, “Udalbiltza berrantolatzearen alde udal hautetsion atxikimenduak jasotzeko nazio ekimena” abiatu dute.
Euskal Herrian “egoera politiko berria sortu” dela eta, “inoiz baino beharrezkoagoa” ikusten dute Udalbiltzaren aldeko apustua egitea. Udaletatik hasita, ezinbestekotzat jo dute euskal nazioaren “eraikuntza eta egituratzearen alde” urratsak ematea.
Irungo Ficoban egin dute gaur agerraldia, eta hitza hartu dute Ruben Gomes Liginiagako alkateak (Zuberoa), Asun Fernandez de Garaialde Altsasuko zinegotziak (Nafarroa) eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak (Bizkaia). Urruñako hautetsi bat ere izan da bertan.
Udabiltza sortu zenean ekimenak jo zuen norabide beretik jarraitu nahi dute hautetsiek. Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzen, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzeari laguntzen, Euskal Herriaren nazio erakuntza bultzatzen, herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzen eta nazioartean Euskal Herria nazio “berezkoa eta desberdindua” dela adierazten.
1999ko irailaren 18an sortu zuten Udabiltza ia 2.000 hautetsik.