Klake ikastaroa egingo dute hiru egunez Lezon
Tip Tap Clap dantza elkarteak, urtero bezala, masterclass-a antolatu du datorren asteko astebururako. Ikasturte honetan Ruben Sanchez Garcia (Lleida, Herrialde Katalanak; 1978) dantzariak emango ditu eskolak. Hilaren 20tik 22ra izango da ikastaroa. Oro...
Tip Tap Clap dantza elkarteak, urtero bezala, masterclass-a antolatu du datorren asteko astebururako. Ikasturte honetan Ruben Sanchez Garcia (Lleida, Herrialde Katalanak; 1978) dantzariak emango ditu eskolak. Hilaren 20tik 22ra izango da ikastaroa. Oroitzene euskaltegiaren lokaletan zein Bekoerrota kiroldegian egingo dute ikastaroa.
Lau mailatan banatu dituzte. Hala, 0 mailakoak klakean esperientziarik gabekoentzat dira (Celine Urzaiz izango da euren irakaslea), eta 3 mailakoak, berriz, hiru urte edo hortik gorako esperientzia dutenentzat. Tartekoek eurentzako talde bana izango dute. Esperientziarik ez dutenek Oroitzene euskaltegian egingo dute saioa. Gainontzekoek kiroldegian.
Hilaren 20an 0, 1 eta 3 mailakoek izango dituzte eskolak, iluntzean, baita larunbatean ere. Egun horretan 2 mailakoek bi saio egingo dituzte. Igandean, berriz, 1 eta 2 mailakoek egingo dituzte saioak.
Prezioei dagokienez, 0 mailakoek 40 euro ordaindu behar dituzte. 1 eta 2 mailakoek 45 euro ordaindu behar dituzte bi saiorengatik, eta 60 hirugatik. 3 mailakoentzako prezioa 55ekoa da. 2100 5396 9502 00028497 kontu korrontean (Caixan) ordaindu behar dira. Igandea baino lehenago ordaintzen dutenek 5 euroko deskontua izango dute.
Bestalde, hilaren 21ean, 20:30etik aurrera, Donostiako Altxerrin dantza jam sessiona egingo dute Tap Jameko dantzariek V.O.S. Triorekin.
