Aldundiak bihar aurkeztuko ditu Oarsoaldeko eta Bidasoko enpresei zuzendutako diru laguntzak
Martin Garitano diputatu nagusiak eta Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak bihar azalduko dituzte Irungo Ficoban, 18:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012rako enpresei laguntzeko onartu dituen egitasmoak eta diru laguntzak. Horien artean daude Oarsoaldeko eta Bidasoko enpresak.
Agerraldia enpresetako zuzendarientzat eta arduradunentzat da. Diputatuekin batera Oscar Usetxi, Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapen zuzendaria, eta Lore Martinez de Axpe, Informazio Gizarterako Sistemen zuzendaria ere egongo dira.
Informazio saio horretan, berrikuntzarako, internazionalizaziorako, kontratazioetarako eta IKTentzat 2012an bideratutako diru laguntzak aurkeztuko dituzte, eta baita Zientzia eta Teknologia Euskal Sareari zuzendutakoak ere. Azalpenak bukatu ondoren foru agintariak enpresarien galderei erantzuteko prest egongo dira.