Sorospen ikastaroa antolatu DYAk, maiatzean
Gipuzkoako DYAk sorospen ikastaroa antolatu du maiatzerako Lezon. Elkarteak jakinarazi duenez, hiru asteko iraupena izango du ikastaro horrek, eta herritar guztiei zabalduta dago. Maiatzaren 3an hasiko da ikastaroa, eta hiru astez luzatuko da, maiatzar...
Gipuzkoako DYAk sorospen ikastaroa antolatu du maiatzerako Lezon. Elkarteak jakinarazi duenez, hiru asteko iraupena izango du ikastaro horrek, eta herritar guztiei zabalduta dago.
Maiatzaren 3an hasiko da ikastaroa, eta hiru astez luzatuko da, maiatzaren 23ra arte. Eskolak Lezoko Kultura Aretoan izango dira, astelehenetik ostiralera. 19:00etan hasiko dira eskolak, bi orduz.
Sorospenaren oinarrizko hainbat kontzeptu irakatsiko dituztela jakinarazi dute. Aurretik sorospenei buruzko jakintza eduki behar ez dela nabarmendu dute. “Egunerokotasunean dauden arriskuei nola aurre egin erakutsi da ikastaroan”, adierazi dute. Hala, bihotz eta birika suspertzen irakatsiko dute, eta zauriak, hausdurak eta erredurak sendatzen. Ezagupen horiek «modu eroso eta atseginean» irakasten dituztela ziurtatu dute, eta teoria eta praktika uztartzen direla.
Izena emateko DYAren telefono zenbakira deitu behar dute interesdunek (943 46 46 22). Matrikularen prezioa ehun eurokoa da. Ikasleen kopurua mugatua da, “kalitatea bermatze aldera”.
Ikastaro bukaerako probak gainditzen dituenak Gipuzkoako DYAren Sorosle Titulua eskuratuko du. Horrez gain, EHUn ikasten dutenek, aukera askeko bi kreditu eskuratuko dituzte. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, DYAra deitu dezake.
