Krisiari aurre egiteko 135 gaitasun berri
Aurrera egiteko gaitasunak azaldu behar direla entzuten dugu maiz; bizitzaren arlo guztietarako balio omen du horrek, baina ekonomiaz jarduten dutenek krisi garaian behin eta berriz errepikatzen duten mezua da. Atzo esaera hori praktikan jarri zuten Irungo Araso industriagunean, Gureak Taldearen lantegi berriaren inaugurazioan. Iñaki Alkorta Gureak Taldeko presidentea, Txelo Perez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen Laguntzako zuzendaria, eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izan ziren zinta mozten; ekimen pribatua eta kolore ezberdinetako mandatariak eskutik, eta gaitasun handiko 135 langile pozez beterik, garai hauetan lan egiteko aukera dutelako. Atzoko ekitaldian ilusioa agerikoa zen, eta ilusioaz hitz egin zuen alkateak, Gureak-eko langileen ilusioez, eta “erakundeetako arduradunok proiektuak gauzatzeko dugun ilusioaz”. Arasoko egitasmoaz hitz egiten hasi zirenean Araso oraindik ez zela existitzen gogoratu zuen Santanok, “eta Iñaki [Alkorta] ez zen oraindik Gureak-en presidente”. Gureak Taldearen Irungo lantegi berriak 2.850 metro koadro ditu, eta 135 langilerentzako lekua du; ehunetik gora Irungoak bertakoak, eta gainontzekoak Hondarribikoak. Batez ere, autoen industria eta energia berriztagarrien esparrurako osagaiak egingo dituzte, hala nola, Volkswagenen autoen kableatzeak, Euskotren eta Metromadriden bagoien muntaiak, edota kaxa elektrikoak Gamesarentzat. Asier Vitoria Gureak-eko industria ataleko zuzendariak Arasoko lantoki berriaren aukerak nabarmendu zituen: “Inbertsio honi esker gure gaitasuna indartuko dugu eta gure bezeroei ahalik eta kalitate gehien [...]
Aurrera egiteko gaitasunak azaldu behar direla entzuten dugu maiz; bizitzaren arlo guztietarako balio omen du horrek, baina ekonomiaz jarduten dutenek krisi garaian behin eta berriz errepikatzen duten mezua da. Atzo esaera hori praktikan jarri zuten Irungo Araso industriagunean, Gureak Taldearen lantegi berriaren inaugurazioan. Iñaki Alkorta Gureak Taldeko presidentea, Txelo Perez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen Laguntzako zuzendaria, eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izan ziren zinta mozten; ekimen pribatua eta kolore ezberdinetako mandatariak eskutik, eta gaitasun handiko 135 langile pozez beterik, garai hauetan lan egiteko aukera dutelako.
Atzoko ekitaldian ilusioa agerikoa zen, eta ilusioaz hitz egin zuen alkateak, Gureak-eko langileen ilusioez, eta “erakundeetako arduradunok proiektuak gauzatzeko dugun ilusioaz”. Arasoko egitasmoaz hitz egiten hasi zirenean Araso oraindik ez zela existitzen gogoratu zuen Santanok, “eta Iñaki [Alkorta] ez zen oraindik Gureak-en presidente”.
Gureak Taldearen Irungo lantegi berriak 2.850 metro koadro ditu, eta 135 langilerentzako lekua du; ehunetik gora Irungoak bertakoak, eta gainontzekoak Hondarribikoak. Batez ere, autoen industria eta energia berriztagarrien esparrurako osagaiak egingo dituzte, hala nola, Volkswagenen autoen kableatzeak, Euskotren eta Metromadriden bagoien muntaiak, edota kaxa elektrikoak Gamesarentzat.
Asier Vitoria Gureak-eko industria ataleko zuzendariak Arasoko lantoki berriaren aukerak nabarmendu zituen: “Inbertsio honi esker gure gaitasuna indartuko dugu eta gure bezeroei ahalik eta kalitate gehien dituzten zerbitzu nahiz produktuak eskaintzen jarraituko dugu”. Vitoriak aurreratu zuen izen handiko enpresekin ari direla lanean —CAF, Gamesa, Fagor, Vestas, Tesa…—: “Iaz Gureak-en egindako produktuak munduko hamazazpi herrialdetan saldu ziren”.
Dibertsifikatzeko apustua
Arasokoa Gureak Taldeko industria arloko hamalaugarren lantegia da Gipuzkoan, eta orain gutxi arte Katean abian izan dena ordezkatzera dator. Alkorta presidentearen esanetan, planta berriak aukera hobeak eskaintzen dizkio enpresa taldeari dibertsifikatzeko apustuari eusteko: “Dibertsifikazioak egunetik egunera taldea handitzen joatea ahalbidetu du, eta horrekin batera gero eta langile gehiagori enplegurako aukera eman die”. Guztira, 4.200 langilek osatzen dute Gureak Taldea; horietatik 347 behebidasoarrak dira.


