Gaztaño pasealekua, Altxu kalea izango da hemendik aurrera
Atzo arratsaldean egindako udalbatzarrean Gaztaño pasealekuari Altxu kalea izena jartzea erabaki zuten zinegotziek aho batez. Kaleari izena aldatzeko proposamena Gaztañoko bizilagunek egin zuten, garraiolari, postari eta beste zenbait langile eta per...
Atzo arratsaldean egindako udalbatzarrean Gaztaño pasealekuari Altxu kalea izena jartzea erabaki zuten zinegotziek aho batez. Kaleari izena aldatzeko proposamena Gaztañoko bizilagunek egin zuten, garraiolari, postari eta beste zenbait langile eta pertsonek kalea auzoarekin nahasten zutelako. Altxu izena jartzeko proposamena ere eurek egin zuten, eta udal gobernuari “ideia zoragarria” iruditu zitzaion, “aski merezi zuela” iritzi baitio bere izena duen kale bat.
Santi Vicente Altxu Gaztaño bizilaguna zen, eta 2006an hil zen. Luisma Diez Bilduko zinegotziak azaldu zuenez, “Euskal Herriko gay askapenerako sortzaile eta aitzindarietako bat izan zen, Txintxarri elkarteko kidea eta Gaztaño auzoko jaiak antolatzeko beti prest zegoen”. Horrez gain, herriko memoria historikoa berreskuratzeko “lan handia” egin zuela gogorarazi zuen.
Zortzi puntu zituen atzoko udalbatzarrak, eta horien artean, Errenteriako Ezkerrak irakaskuntzaren kalitateari buruz proposatutakoa eztabaidatu zuten zinegotziek. Aurrera atera zen, Bildu, PSE-EE eta Errenteriako Ezkerraren aldeko botoekin (16 boto). EAJ abstenitu egin zen (bi boto), eta PPk kontra bozkatu zuen (bi boto).
Horrez gain, Isaac Palencia PSE-EEko zinegotzi kargua hartu zuen, Juan Carlos Merinoren ordez.
