Eskubaloiaren “festa handia” astebukaeran, Galtzarabordako kiroldegian
Eskubaloiko igoera fase Galtzarabordako kiroldegian jokatuko da astebukaeran
Ohorezko B Mailara igotzeko aukera izango du Ereintzak asteburuan jokatuko den Igoera Fasean. Igoera fase hori, gainera, Galtzarabordako Udal Kiroldegian jokatuko da. Ereintzako Francisco Barrosek eman du horren berri, Julen Mendoza alkatearekin eta Jose Manuel Ferradas Kirol Patronatuko zinegotziarekin batera gaur goizean egin duten agerraldian. Asteburuan irabazi ala galdu, Ereintza bezalako talde batentzat, Espainiako Txapelketako igoera fasera heldu eta mailaz igotzeko aukera izatea “lorpen handia” dela esan du Barrosek eta KirolPatronatuari zein Errenteriako Udalari eskerrak eman dizkie finala udalerrian jokatzeko egin duten “esfortzuagatik”.
Igoera faseari dagokionean, astebukaeran lau partida jokatuko direla azaldu du Barrosek. Lehenengoak, Kataluniako La Roca eta Zarautz taldea jarriko ditu aurrez aurre etzi 18:00etatik aurrera. Bi ordu beranduago berriz, Ereintzakoek jokatuko dute Huelvako (Andaluzia, Espainia) PAN-Moguer taldearen kontra. Etzidamu berriz,10:30ean hirugarren eta laugarren postua izango dira jokoan, eta horrek erabakiko du zein talde geldituko den igoeratik kanpo, lauretatik hiru igoko baitira. Finala berriz,12:45ean jokatuko da.
Salmenta aurretik
Astebukaerako “eskubaloiaren festa handia” izatea nahi dutela nabarmendu du Barrosek: “Ereintzak galdu ala irabazi, Errenteriarrek eskubaloia 90. hamarkadan bizi zuten bezala bizitzea lortu nahi dugu, eskubaloia bizirik dagoelako”. Horretarako, sarrerak “denen eskura” egoteko moduko prezioan jarri dituztela gaineratu du. Bi egunerako bonoa 10 euroan salduko dute eta eguneko sarrera berriz,6 euroan. Bonoak erosteko aukera,gaurtik hasita izango dute interesdunek horretarako Niessen Merkatalguneko sarreran jarriko duten postuan, eta bertan, bonoaz gain Ereintzak atera duen kamiseta berria edo lehen aldiz egin duten bufanda eskuratzerik izango dute bertaratzen direnek. Kamiseta 6 euroan salduko dute eta bufanda berriz, 10 euroan. Horren harira, dei berezia egin die Barrosek herriko merkatarie bufanda erosi eta saltokietako erakusleihoetan jartzeko.
Astebukaerako partida guztiak zuzenean ikusterik ez duenak berriz, internetetik jarraitu ahalko dituela azaldu du bestetik. Horretarako, interesdunek emisionesdeportivas.com orrialdean sartu eta eskubaloia esteka sakatu beharko dute.
Julen Mendoza eta JoseManuel Ferradasek, Ereintza zoriondu dute, “astebukaeran gertatzen dena gertatzen dela, heldu zareten lekura heltzea lorpen handia izan delako”.

