‘Mikelekin Londresera’ ekimena martxan jarri dute udalak eta Odriozolak elkarlanean
'Mikelekin Londresera' ekimena hasi dute udalak eta Odriozolak elkarlanean
‘Mikelekin Londresera’ ekimena abiatu dute Errenteriako Udalak eta Mikel Odriozola atleta olinpikoak elkarlanean. Odriozolak Londreseko Olinpiar Jokoetan hartuko du parte 50 kilometroko ibilketa proban abuztuaren 11n eta horren harira antolatu duten ekimenak, kirola sustatzea, eta Olinpiar Jokoak herritarrengana eta bereziki haurrengana hurbiltzea du xede. Beste helburu bat ere badu, ordea, errenteriarren babesa Mikel Odriozolari helaraztea mundu txapelketaren aurretik, eta baita egunean bertan ere.
Odriozolak , Jose Manuel Ferradas kirol zinegotziaketa Jesus Mari Erzibengoa Kirol teknikariak azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak gaur goizean, Beraungo futbol zelaian egindako agerraldian. Ferradasek azaldu duenez, aste honetan zehar hitzaldiak ematen ari da Odriozola herriko ikastetxeetan, “gazteenek lehenengo eskutik jakin dezaten Olinpiar Jokoetan parte hartzeak zer suposatzen duen. Erzibengoak, hartzaileak ikastetxeetako 11 eta 12 urte arteko gazteak direla zehaztu du, eta Odriozolak egindako lehen hitzaldietako balorazio “oso positiboa” egin du: “Futbolaz gain beste kirolak ere badirela erakutsi nahi diet gazteei, eta lanarekin dena lortzea dagoela transmititu bestetik. Gazteek ni ikusi eta zuzenean galdetzeko aukera izatea interesgarria izateaz gain, berritzailea dela iruditzen zait”. Horren harira, ikastolan kirolean hasi zen garaiak ekarri ditu gogora Odriozolak, eta Olinpiar Jokoetara “lan eta sufrimendu handiarekin” heldu dela nabarmendu du.
Odriozolari galderak egiteko aukera
Dagoeneko Gurutzearen Alabak ikastetxean, eta Langaitz eta Orereta Ikastoletan izan da Errenteraiko atleta olinpikoa. Hurrengo hitzoorduak berriz, Koldo Mitxelena eta Tellerio Aldeko ikasleekin izango ditu aste honetan bertan. Ekimenaren barruan antolatutako egitaraua ordea, ez da horretara mugatzen. Izan ere, Herria Bizia webgunearen barruan “Mikelekin Londresera” esteka aukeratuta, goi mailako kirolariaren egunerokoa jarraitzerik izango dute herritarrek: entrenamenduak, probak, sailkapenak, zailtasunak eta baita bere gogoetak ere. Era berean, Odriozolari berari galdetzeko aukera izango dute bertan, eta kirolariak astean behin erantzungo ditu egindako galderak.
Pantaila erraldoia Kabian
Abuztuaren 11n Londresen egingo den 50 km ibilketa probako munduko txapelketa zuzenean jarraitu eta Odriozola animatzeko pantaila erraldoia jarriko dutela Kabian gaineratu du Ferradasek: “Lasterketa ikusteaz gain, horren gaineko hainbat ekintza antolatuko ditugu egun osoan zehar bertan”.

