Biodibertsitatearen gaineko proposamenak igorri dizkiote udalari
Herriko zortzi ikastetxetako 3.609 ikaslek biodibertsitatearen gaia aztertu dute ikasturtean zehar Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan, eta gaur zer ikasi duten, zein ondorio atera dituzten eta horietan oinarritutako hainbat proposamen igorri dizkiote udalari. Beraun Berri LH, Cristobal Gamon LH, Koldo Mitxelena BHI, Langaitz LH, Langaitz BHI, Orereta LH eta San Jose Gurutzearen Alabak ikastetxeetako ordezkariak eseri dira zinegotziak esertzen diren aulkietan, eta entzuten, berriz, Julen Mendoza alkatea eta hainbat zinegotzi izan dira. Aurten, gainera, ikastetxe bat batu zaio ekimenari: Don Bosco. Gaur sinatu dute akordioa, hain zuzen, Mendozak eta Don Boscoko arduradun batek. Lehenik eta behin, ikastetxeko, herriko eta inguruko biodibertsitatea aztertu dute ikasleek, eta horren garrantziaz jabetu dira. Hala, landare eta animalia asko desagertzeko arriskuan daudela ondorioztatu dute, eta zaindu egin behar direla. Horretarako, irteerak egin dituzte: Aiako Harrira, Zumaiako flyshera… Herrian, berriz, Oiartzun ibaia, Txoritokietako basoa eta San Marko gotorlekua ikertu dituzte, besteak beste, eta herritarrei ere pasatu diete galdetegi bat. Hor ikusi dute jendeak uste duela herrian biodibertsitate gutxi dagoela. Maiatzaren 8an, Merkatuzarren, ikastetxe guztien ondorioak bildu zituzten ikasleen arteko foroan. Bertan, hainbat konpromiso hartu zituzten. Hala nola, landare, animaliak eta erreka zaintzea; zaborrik ez botatzea eta birziklatzea eta gutxiago kutsatzea. Eskaerak Udalari kontzientziazio kanpainak egitea, ibaia [...]
Herriko zortzi ikastetxetako 3.609 ikaslek biodibertsitatearen gaia aztertu dute ikasturtean zehar Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan, eta gaur zer ikasi duten, zein ondorio atera dituzten eta horietan oinarritutako hainbat proposamen igorri dizkiote udalari.
Beraun Berri LH, Cristobal Gamon LH, Koldo Mitxelena BHI, Langaitz LH, Langaitz BHI, Orereta LH eta San Jose Gurutzearen Alabak ikastetxeetako ordezkariak eseri dira zinegotziak esertzen diren aulkietan, eta entzuten, berriz, Julen Mendoza alkatea eta hainbat zinegotzi izan dira. Aurten, gainera, ikastetxe bat batu zaio ekimenari: Don Bosco. Gaur sinatu dute akordioa, hain zuzen, Mendozak eta Don Boscoko arduradun batek.
Lehenik eta behin, ikastetxeko, herriko eta inguruko biodibertsitatea aztertu dute ikasleek, eta horren garrantziaz jabetu dira. Hala, landare eta animalia asko desagertzeko arriskuan daudela ondorioztatu dute, eta zaindu egin behar direla. Horretarako, irteerak egin dituzte: Aiako Harrira, Zumaiako flyshera…
Herrian, berriz, Oiartzun ibaia, Txoritokietako basoa eta San Marko gotorlekua ikertu dituzte, besteak beste, eta herritarrei ere pasatu diete galdetegi bat. Hor ikusi dute jendeak uste duela herrian biodibertsitate gutxi dagoela.
Maiatzaren 8an, Merkatuzarren, ikastetxe guztien ondorioak bildu zituzten ikasleen arteko foroan. Bertan, hainbat konpromiso hartu zituzten. Hala nola, landare, animaliak eta erreka zaintzea; zaborrik ez botatzea eta birziklatzea eta gutxiago kutsatzea.
Eskaerak
Udalari kontzientziazio kanpainak egitea, ibaia eta berdeguneak zaintzeko neurriak hartzea, espezie inbaditzaileak ordezkatzea, eta eskola inguruak ondo mantentzea eskatu diote.
Mendozak “lan” ona egin dutela esan die, eta azaroan egingo duten hurrengo bileran erantzungo diela udalak. Proposamen guztiak kontuan hartuko dituela azaldu die; esate baterako, basoak eta errekak garbitu eta ondoren bazkaria egitearen ideia gustatu zaio.
