Hendaiara doazenek gehiago ordaindu beharko dute kotxea aparkatzeagatik
Udatik aurrera aldaketa handiak izango dira Hondartza auzoan. Itsas etorbideko lanak hasi zirenetik eragozpenak gertatu dira ibilgailu zein oinezkoentzat, eta lanak aurrera egiten duten heinean, antolamendu berrira ohitu beharko dute herritarrek eta bisitariek. Aste honetan bilkura publikoa egin dute Antoine Abbadia aretoan, eta bertan gaur abiatuko diren aldaketak azaldu zituzten. Pasealeku berriak ordaindu beharreko 200 aparkaleku gutxiago izanen ditu. Horregatik, ordainpeko aparkatze eremua zabaltzea eta prezioak igotzea erabaki du Herriko Etxeak. Hiri-txartela dutenentzako hainbat abantaila izanen dira, udaletik esan dutenez, “erabakiak hendaiarrak faboratu nahi dituelako”. Itsas etorbideko aparkalekuen jaistea orekatzeko, Florida portuaren eta Badiako etorbidearen artean ibilgailuak uzteko eremua sortu dute, baina orain arte ikusitakoaren arabera, herritik kanpo datozenek ez dira leku berria maiztasun berarekin erabiltzen hasi, eta aparkatzeko ordainpeko eremua zabaltzea erabaki dute: “Portualdearen eta Badiako etorbidearen artean sortutako aparkalekuen kopuruak Itsas etorbidean galdutakoa orekatzen badu ere, ez dira hainbestetan okupatuak izanen, eta horren ondorioz, ez dute hein bereko diru-sartzea sorraraziko. Hori dela eta, ordaindu beharreko aparkatzearen eremua Mimosa etorbidera zabaltzea erabaki dugu”. Prezioak igo dituzte ere, eta moldaketa hori baliatu dute sistema errazteko. Lau eremu beharrean, bi eremu izanen dira aurrerantzean: urdina hiri-barnean eta geltokian, eta gorria hondartza aldean. “Prezioa euro batetik 1,20 eurora igoko da gune urdinean, [...]
Udatik aurrera aldaketa handiak izango dira Hondartza auzoan. Itsas etorbideko lanak hasi zirenetik eragozpenak gertatu dira ibilgailu zein oinezkoentzat, eta lanak aurrera egiten duten heinean, antolamendu berrira ohitu beharko dute herritarrek eta bisitariek. Aste honetan bilkura publikoa egin dute Antoine Abbadia aretoan, eta bertan gaur abiatuko diren aldaketak azaldu zituzten.
Pasealeku berriak ordaindu beharreko 200 aparkaleku gutxiago izanen ditu. Horregatik, ordainpeko aparkatze eremua zabaltzea eta prezioak igotzea erabaki du Herriko Etxeak. Hiri-txartela dutenentzako hainbat abantaila izanen dira, udaletik esan dutenez, “erabakiak hendaiarrak faboratu nahi dituelako”.
Itsas etorbideko aparkalekuen jaistea orekatzeko, Florida portuaren eta Badiako etorbidearen artean ibilgailuak uzteko eremua sortu dute, baina orain arte ikusitakoaren arabera, herritik kanpo datozenek ez dira leku berria maiztasun berarekin erabiltzen hasi, eta aparkatzeko ordainpeko eremua zabaltzea erabaki dute: “Portualdearen eta Badiako etorbidearen artean sortutako aparkalekuen kopuruak Itsas etorbidean galdutakoa orekatzen badu ere, ez dira hainbestetan okupatuak izanen, eta horren ondorioz, ez dute hein bereko diru-sartzea sorraraziko. Hori dela eta, ordaindu beharreko aparkatzearen eremua Mimosa etorbidera zabaltzea erabaki dugu”.
Prezioak igo dituzte ere, eta moldaketa hori baliatu dute sistema errazteko. Lau eremu beharrean, bi eremu izanen dira aurrerantzean: urdina hiri-barnean eta geltokian, eta gorria hondartza aldean. “Prezioa euro batetik 1,20 eurora igoko da gune urdinean, eta 1,20 eurotik 1,40 eurora gune gorrian”, azaldu dute.
Herritarrentzat abantailak
Itsas etorbidetik aparkalekuak kentzeak diru sarrerak txikitzea ekarriko du, eta diru kutxa puzteko hartu dituzte aipatutako erabakiak. Neurriek batez ere Hendaia kanpotik datozenengan eragingo du, herritarrek zenbait abantaila izanen dituztelako. Hiri txartela dutenek egunean bitan utz dezakete ibilgailua ordaindu gabe, “ordu batez gune urdinean, eta gune gorrian, aldiz, 3 orduz udan, edo 4 orduz neguan”. Beharren arabera nahas daitekeela argitu dute, hau da, egunean bitan eremu berean erabili ordez, behin batean eta beste behin bestean. Abantailak probesteko udalak biztanleei dei egin die debaldeko ordu horiek baliatzeko, eta hiri-txartela ez duten biztanleak Herriko Etxera joatera animatu dituzte, txartela jasotzeko.
Informazio gehiago behar dutenek Herriko Etxeak hiru hizkuntzetan argitaratu duen eskuorria jaso dezakete; bertan erabakien xehetasunak eta mapa argigarriak azaltzen dira. Paperean nahi dutenek udaletxean har dezakete, eta Interneten ere aurkitu daiteke, udal webgunean.
Egitasmo estrategikoa, teknikoki zaila, garestia eta epeka egin beharrekoa
Itsas etorbidea berrantolatzeko egitasmoa proiektu estrategikoa da Hendaian; duen kostu altuagatik eta zailtasun teknikoengatik urte asko eman dituzte obrak hasteko zain. Hiru proiektuen arteko lehiaketa publikoa ere egin zuten, eta herritarrek hiru horietako bat hautatu bazuten ere, ezin izan zuten gauzatu, garestiegia zelako.
Hala, Herriko Etxeko teknikariek proiektua zatika, epeka burutzea proposatu zuten. Aurten mendebaldeko zatia egiten ari dira, Zokoburu eta Eukalitu karrikaren artekoa. Udan lanak geratuko dituzte eta udazkenean jarraituko dute. Lehen zatiaren aurrekontua 2,5 eta 3 milioi euroko artekoa izanen da.