Oarsoaldeko udalek ez dute errauste planta finantzatuko
Oarsoaldeko udalek ez dute dirurik bideratuko errauste plantarako. Horrela jakinarazi dute gaur eguerdian Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldian. Eurekin batera, Gipuzkoako beste 50 bat udalerritako ordezkariak izan dira agerraldian. Gehienak Bildukoak, eta independente batzuk ere.
Iragarpena egiteko ardura hartu dute Ainhoa Zabalo eta Juan Luis Illarramendi Lezoko eta Zarauzko alkateek, hurrenez hurren. Horrez gain, euren herrietako zaborra ez dutela erraustuko adierazi dute.
Adierazpen horrekin “lasaitasun eta ilusiozoko” mezua bidali nahi izan diete gipuzkoarrei, “planta toxikorik” finantzatuko ez dutela jakin dezaten.
“Zentzuzko kudeaketa”
Alkateek esan dutenez, euren helburua hondakinen kudeaketa “jasanezinari” buelta ematea da, eta “zentzuzkoa” egitea. Kudeaketa mota berriarekin “zero zabor” lortu nahi dutela adierazi dute. Horrela, ahalik eta gehien birziklatzeko ahalegina egingo dutela berretsi dute. Horretarako sistemarik eraginkorrena atez ateko bilketa dela gogorarazi dute, “hondakinen %80 birzikla daitekeelako sistema horrekin”. Oiartzun, Antzuola, Hernani eta Usurbilgo adibideak jarri dituzte.
Ingurumenean eta osasunean izango lituzkeen eraginez gain, arrazoi ekonomikoak ere izan dituzte hizpide. “Krisi ekonomikoaren garaian, udalek aurrekontu arazo larriei aurre egin behar dieten garai honetan, nahi ez dugun azpiegituretan ez dugu dirurik xahutuko”. 500 milioi euroko inbertsioa suposatuko lukeela adierazi zuen Zabalok.