“Kontseilua Errenteriako ingurumen politiken partaide izatea nahi dugu”
Ingurumen Aholku Kontseiluak atzo ikusi zuen argia, eta zeresana izango du ingurumenaren arloan hartzen diren erabakietan. Jose Manuel Ferradas (Bilbo, 1962) da presidentea, eta kontseiluak aurrekontuen lanketan eta exekuzioan parte hartzea nahi du. Zer da Ingurumen Aholku Kontseilua eta zertarako balio du? Herritarren parte hartze foro bat da, eta 23 elkartek eta hiru norbanakok parte hartuko dute [atzo berretsi behar zituzten kideak]. Elkarte horiek askotarikoak dira: bizilagunenak, talde ekologistak, ehiza elkarteak, mankomunitateak, Berdintasun Kontseilua, Errenkoalde… Asmoa da horiek modu aktiboan parte hartzea udaleko ingurumen politiken diseinu eta kudeaketan. Hainbat gai garrantzitsuren artean hondakinen bilketa eta kudeaketa landuko ditu. Nola? Gai hori landuko da, noski, eta asmoa da parte hartze plana kontseiluan bakarrik ez geratzea; herriko auzo guztietara ere iristea. Hala ere, gaia eztabaida politikotik banandu nahi dugu, eta arrazoi teknikoak eskatuko ditugu sistema baten edo bestearen alde. Kontseiluak ezin du erabaki, horretarako dago udala, baina, bai, txostenak egitea sustatzea; hori udalak entzun egin beharko du. Zeintzuk izango dira beste lan ildoak eta helburuak? Kontseiluak erabakiko ditu helburuak. Guk, hori bai, gure ekintza lerroak igorriko dizkiogu aintzat har ditzan. Zentzu horretan, aurten, batik bat, bioaniztasunarekin zerikusia duen orori garrantzia eman nahi diogu. Bestetik, Agenda 21ek eta Eskola Agenda 21ek euren tokia [...]
Ingurumen Aholku Kontseiluak atzo ikusi zuen argia, eta zeresana izango du ingurumenaren arloan hartzen diren erabakietan. Jose Manuel Ferradas (Bilbo, 1962) da presidentea, eta kontseiluak aurrekontuen lanketan eta exekuzioan parte hartzea nahi du.
Zer da Ingurumen Aholku Kontseilua eta zertarako balio du?
Herritarren parte hartze foro bat da, eta 23 elkartek eta hiru norbanakok parte hartuko dute [atzo berretsi behar zituzten kideak]. Elkarte horiek askotarikoak dira: bizilagunenak, talde ekologistak, ehiza elkarteak, mankomunitateak, Berdintasun Kontseilua, Errenkoalde… Asmoa da horiek modu aktiboan parte hartzea udaleko ingurumen politiken diseinu eta kudeaketan.
Hainbat gai garrantzitsuren artean hondakinen bilketa eta kudeaketa landuko ditu. Nola?
Gai hori landuko da, noski, eta asmoa da parte hartze plana kontseiluan bakarrik ez geratzea; herriko auzo guztietara ere iristea. Hala ere, gaia eztabaida politikotik banandu nahi dugu, eta arrazoi teknikoak eskatuko ditugu sistema baten edo bestearen alde. Kontseiluak ezin du erabaki, horretarako dago udala, baina, bai, txostenak egitea sustatzea; hori udalak entzun egin beharko du.
Zeintzuk izango dira beste lan ildoak eta helburuak?
Kontseiluak erabakiko ditu helburuak. Guk, hori bai, gure ekintza lerroak igorriko dizkiogu aintzat har ditzan. Zentzu horretan, aurten, batik bat, bioaniztasunarekin zerikusia duen orori garrantzia eman nahi diogu. Bestetik, Agenda 21ek eta Eskola Agenda 21ek euren tokia izango dute kontseiluaren lanaren barruan.
Zein izango da Ingurumen Saila eta kontseiluaren arteko harremana?
Departamendutik lortu nahi duguna da kontseilua Errenteriako Udalaren ingurumen politiken partaide izatea. Departamenduari dagokio erabakitzen diren politikak exekutatzea, baina politika horietan eta horien erabakian kontseiluak paper garrantzitsua betetzea nahi dugu, baita aurrekontu mailan ere. Azken finean hor islatzen baitira asmo eta ildo politikoak. Gure asmoa da kontseiluak parte hartzea aurrekontuen lanketa horretan, eta baita aurrekontuak exekutatzen ere.
Nola funtzionatuko du kontseiluak?
Kontseiluaren batzorde nagusia 23 elkartek osatua dago, baina horiek modu jarraian elkartzea ez da eraginkorra, eta zaila da. Horrenbestez, lan batzordeak elkartuko dira, eta Kontseiluaren batzorde nagusia erregularki bilduko da lan batzordeen lana ikuskatzeko.
Pozik zaude kontseiluaren parte hartzearekin?
Beti nahiago izaten da kopuru handiagoa, eta faltan botatzen dugu auzo elkarteren bat eta talderen bat. Baina ulertzen dut nahi duten taldeak daudela. Martxan jarri ondoren hori baliagarria dela ere erakutsi behar dugu.
Zenbatero elkartuko zarete eta jende gehiagori irekia dago?
Araudian, uste dut, hiru bilera daudela bilduta. Gutxieneko hori beteko dugula uste dugu, eta gero kontseiluaren lan dinamikaren arabera, zabal daitezke. Botoaren kontua ere erlatibizatu nahi dut, asmoa ez baita gehiengo eta gutxiengoekin lan egitea, denak partaide sentitzeko lan dinamika bat sortzea baizik. Horrenbestez, kontseiluaren udalbatzarrean zein lan batzordeetan baldintza hori ez daukatenek parte har dezakete. Elkarteren batek parte hartu nahiko balu Ingurumen Sailera etorrita, ez luke parte hartzeko arazorik edukiko, nahiz eta ez den kontseiluko kide izango.