Termika ixteko eskaeraren gaineko erreakzioak
Amaia Agirregabiria, Pasaiako alkatea
“Pozik eta harrituta nago Iberdrolaren erabakiarekin. Gaur arte ez dugu izan gaiaren gaineko berririk, Iberdrolak ez dio ezer ere esan ofizialki Pasaiako Udalari. Gaur jarri naiz harremanetan enpresarekin bere asmoen berri jakiteko. Aspaldiko aldarrikapena zen termika ixtea. Zentrala bere garaian ez lukete egin behar izan, eta Pasaiako eta Oarsoaldeko biztanleek eskertukko dute itxi izana. Baina urteetan zentralaren jardunaren eraginak jasan beharko ditugu”.
Juan Carlos Alduntzin, Ingurumen diputatua
“Oso berri pozgarria da Iberdrolak termika itxi nahi izatea. Zaharkituta zegoen, eta aspalditik itxita egon beharko luke gainera. Oraindik Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioak oniritzia eman behar dio enpresaren asmoari, baina aspaldi egin beharreko gauza zen. Errealitate bati erantzuten dion asmoa da: Europako eta nazioarteko ingurumen protokoloak urratzen ditu termikak, eta herritarrek maiz azaldu dute Iberdrolaren jarduera horren kontra daudela”.
Lucio Hernando, Portu Agintaritzako lehendakaria
“Pasaiako Portu Agintaritzarentzat ez da albiste ona. Berri txarra izanagatik ere, ordea, ez da dramatikoa, zentral bat ez delako goizetik gauera ixten, eta gainera, termikatik Agintaritzara iristen ziren diru sarrerak jaisten ari zirelako. Gainera, esan den bezala, ikatzaren portuko trafikoa ez da %20 ingurukoa, %11-12koa baizik. Orain eraikinarekin zer egin erabaki beharko da. Aldi berean, termika ixtearekin pozik daudenen adierazpenak ez dira ulergarriak, aberastasuna gutxituko delako”.
Ainhoa Zabalo, Lezoko alkatea
“Batetik harrituta nago Iberdrolaren asmoen berri gaur goizean izan dudalako, prentsaren bitartez. Lezoko Udalera ez dira zuzendu dituzten asmoen berri emateko. Bestalde, poztekoa da asmoa, Lezon, eta oro har, zentralaren inguruko udalerrietan eragin negatiboa zuelako, ingurumen aldetik, zentral termikoaren jardunak. Ingurumen alorretik, beraz, erabaki positiboa da. Orain ikusi beharko da bertako langileekin zer gertatuko den, zein egoeratan geldituko diren”.
Mario Rodriguez, Greenpeace
“Behin betiko zentral termikoa itxi dezala eskatuko diogu Industria Ministerioari. Espainiako Estatuko mota honetako azpiegitura zaharrena da, eta 2006tik daramagu eskatzen itxi dezatela. Pasaiako azpiegitura ixteko erabili dituzten ingurumen arrazoiak beste zenbait kasutan ere erabili ditzatela eskatzen diogu Iberdrolari, Garoñako zentral nuklearra kasu. Hartara, Pasaiako kasuak eredu izan behar du Espainiako Gobernuak jarraitu beharreko ingurumen politiketan”.