Etorkinek euskaraz ikasteko egitasmoa jarri dute martxan
Banaiz Bagara elkarteak eta Errenteriako Udalak etorkinek euskara ikasteko egitasmo berria martxan jarri dute, elkarlanean. Asteleheneko lehenengo saioan, hamabi lagunek eta bost haurrek hartu zuten parte, baina interesdunek aukera daukate taldearekin ...
Banaiz Bagara elkarteak eta Errenteriako Udalak etorkinek euskara ikasteko egitasmo berria martxan jarri dute, elkarlanean. Asteleheneko lehenengo saioan, hamabi lagunek eta bost haurrek hartu zuten parte, baina interesdunek aukera daukate taldearekin bat egiteko.
Ahozko komunikazioari zuzenduta dago, eta parte hartzaileak mahai baten inguruan eserita hasiko dira erabiltzen egunerokotasunean komunikatzeko baliatzen diren hitzak eta esamoldeak.
Antolatzaileen arabera, kontuan izango dituzte partaideek izan ditzaketen interesak euskara lantzeko garaian.
Astean behin, ordubetez
Astelehenero bilduko dira Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean, 16:30ean, ordubetez. Eskolak doan izango dira, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Antolatzaileek gaineratu dutenez, ez da ikastaro mugatu bat izango: “Talde iraunkor bat sortzea da asmoa, eta urte osoan parte hartzaile berriek sartzeko aukera izango dute”.
Gainera, guraso diren partaideak kontuan izango dituzte. Horretarako, umeen zaintza behar dutenen kasuan, haurrentzako jarduerak antolatuko dituzte euskara eskolen ordutegi berean Lau Haizetara Euskaldunon Elkartearen egoitzan bertan.
Informazio gehiago honako telefono zenbakietan eskuratu dezakete interesdunek: 645 73 38 18 (Petra Elser) eta 943 44 96 13 (Euskara Departamentua).