Indarkeria sexistari aurre egiteko bidea batuketa dela erakutsi dute
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen igandean eta, inoiz baino gehiago, batasuna izan da Bidasoa eta Oarsoaldeko herritarrak tratu txarrekin eta bestelako bortizkeriekin nazkatuta daudela esateko erakutsitako modua. Bidasoan lehen aldiz egin zuten igandean Sexismoaren kontrako martxa, Irun eta Hondarribia artean, eta herritarren erantzuna bikaina izan zen. Eguerdiko hamabietarako ehundik gora legun elkartu zen San Juan plazan, Bidasoko hamazazpi elkartek osatzen duten Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak egindako deiari erantzunez; batzuek ibilbide osoa egiteko asmoa zuten, beste zenbaitek zati bat soilik, baina denek bat egin zuten emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapenarekin. TASeko partaide diren elkarteetako ordezkariek ireki zuten martxa, ‘Aski da. Indarkeria sexistarik ez’ lelopeko pankarta eskuetan zeramatela. Irungo erdialdea zeharkatu zuten, Mendeluraino. Bidean gehiago izan ziren martxara gehitzen zirenak, etxera martxara batutakoak, uzten zutenak baino. Hala, multzo polita osatu zuten Amuten txalapatariek harrera egin zietenerako. Ordurako, Hondarribiko San Pedro kalea kolore morez betetzen hasia zegoen, Emeki emakume elkarteko kideek puxikak banatzen aritu baitziren. Puxiketan ‘224 arrazoi nahikoa dira’ lelodun pegatinak jarri zituzten, horiexek baitira 2012an Irunen eta Hondarribian tratu txarrengatik jarritako salaketak. Azken asteetan emakumeentzako seguruak ez diren herriko lekuak zehazten jardu du Emekik, eta bildutakoak jasotzen dituen erakusketa ireki zuten larunbatean Zuloaga kaleko Movellan arte galerian (abenduaren [...]
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen igandean eta, inoiz baino gehiago, batasuna izan da Bidasoa eta Oarsoaldeko herritarrak tratu txarrekin eta bestelako bortizkeriekin nazkatuta daudela esateko erakutsitako modua.
Bidasoan lehen aldiz egin zuten igandean Sexismoaren kontrako martxa, Irun eta Hondarribia artean, eta herritarren erantzuna bikaina izan zen. Eguerdiko hamabietarako ehundik gora legun elkartu zen San Juan plazan, Bidasoko hamazazpi elkartek osatzen duten Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak egindako deiari erantzunez; batzuek ibilbide osoa egiteko asmoa zuten, beste zenbaitek zati bat soilik, baina denek bat egin zuten emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapenarekin.
TASeko partaide diren elkarteetako ordezkariek ireki zuten martxa, ‘Aski da. Indarkeria sexistarik ez’ lelopeko pankarta eskuetan zeramatela. Irungo erdialdea zeharkatu zuten, Mendeluraino. Bidean gehiago izan ziren martxara gehitzen zirenak, etxera martxara batutakoak, uzten zutenak baino. Hala, multzo polita osatu zuten Amuten txalapatariek harrera egin zietenerako.
Ordurako, Hondarribiko San Pedro kalea kolore morez betetzen hasia zegoen, Emeki emakume elkarteko kideek puxikak banatzen aritu baitziren. Puxiketan ‘224 arrazoi nahikoa dira’ lelodun pegatinak jarri zituzten, horiexek baitira 2012an Irunen eta Hondarribian tratu txarrengatik jarritako salaketak. Azken asteetan emakumeentzako seguruak ez diren herriko lekuak zehazten jardu du Emekik, eta bildutakoak jasotzen dituen erakusketa ireki zuten larunbatean Zuloaga kaleko Movellan arte galerian (abenduaren 2ra arte bisitatu daiteke).
Gazte eta politikari gutxi
Irundik abiatutako martxaren zain herritar asko bildu zen Emekiren egoitzan. Ordezkari politikoak ere bazeuden, Hondarribiko udal gobernukoak (EAJ) eta bi herrietako Bildu koalizioaen hautetsiak. Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maite Pelaezek gazteekin lan egiteko beharraz mintzatu zen, “etorkizuna direlako”. Bere hitzetan, “Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuan asko lan egiten ari dira, baina udaleko arlo guztietan landu beharreko gaia da”.
Irungo udaleko oposiziotik, berriz, Berdintasun Arloa sortzea eskatu zuen Bilduko Oinatz Mitxelenak. Irungo Udalak ez ditu gai honi aurre egiteko behar diren baliabide guztiak jartzen eta horregatik joan den astean gu abstenitu ginen adierazpen instituzionalaren bozketan», esan zuen. “Maskulinitate programa bertan behera geratu da eta aldundiak antolatzen duen Saiatu programa ere ez da burutuko Irunen”, kexu zen Mitxelena. Bere ustez, prebentzio tailerrak ezinbestekoak dira emakumeen kontrako inadarkeria murrizteko eta “alardean gertatzen denari ere konponbidea eman behar zaiola” gaineratu zuen.
Ordubiak laurden gutxiagoetan sartu ziren martxalariak San Pedro kalean. Emekiren balkoiaren azpian jarri ziren pankartarekin eta haien parean kokatu ziren herritarrak. Olerki bana irakurri zituzten Rosa Gomezek, gazteleraz (berak idatzitakoa), eta Ane Miren Aristondok, euskaraz, Ainara Elizondok martxari propio idatzitakoa. Amaitzeko, minutu bateko isilunea egin zuten, urtean indarkeria sexistagatik hildako emakumeen oroimenez.
Indar metaketarekin pozik
Ekitaldia txalo artean bukatu zen, eta, ondoren, Emekikoek prestaturiko saldarekin berotzeko aukera izan zuten bildutakoak. TASekoek balantzea egiteko baliatu zuten unea. “Indar metaketak erakutsi duen aniztasuna eta jende kopurua ikusita, pena merezi izan du”, esan zuen Ainara Lopez Irungo Bilgune Feministako kideak. Hori bai, «gazte gutxi» zeudelako beraiekin “lanketa berezia” egin beharra dagoela aitortu zuen.
Hondarribiko emakumeak biltzen dituen Emeki elkarteko kideak harrituta zeuden ekitaldiak izandako arrakastarekin, baina asko dagoela egiteko gogoratu zuten. “Oso kontent gaude, holako ekintzetara ez delako askotan jende asko hurbiltzen, baina gaur etorri dira eta motibazioarekin gainera”, adierazi zuen Maite Olaondok. Bere ustez bi herrietako elkarteen batasuna garrantzitsua da: “Orain arte ez da inoiz egin eta gaur oso ondo atera da”. Deialdiaren leloa ‘224 arrazoi nahikoa dira’ zen, eskualdean jarritako salaketengatik —Hondarribian hamasei—, baina Olaondok tratu txarrak jasan eta salaketarik jartzen ez dituztenei dei egin zien: “Zerbait gertatuz gero pausua aurrera eman eta laguntza eskatu behar dute”.



