Langabeek euskaraz doan ikasteko aukera izango dute udalaren eskutik
Errenteria-Oreretako langabeek euskara ikasteko aukera aparta daukate herriko euskaltegietan. Izan ere, Oreretako Langabeen Batzarraren proposamena aintzat hartu du udalak, eta urtarrila eta martxora bitartean ikastaro trinko bat eskainiko du dohainik langabeentzat. Izena emateko epea abenduaren 14an bukatuko da eta udal euskaltegi zein Xenpelar AEK euskaltegian egin ahal izango da. Langabeek zenbait baldintza bete beharko dituzte ikastaroa doan jasotzeko: Errenteria-Oreretan erroldatuta egotea, langabeak direla frogatzen duen Lanbideren egiaztagiria, eta asistentzia konpromisoa. Gutxienez, eskolen %85etara joan beharko da, eta ez dute onartuko arrazoitu gabeko bajarik. Horietako baldintzaren bat urratuz gero, doan jasotzeko aukera galduko dute. Bestetik, hamar laguneko taldea osatu beharko da eskolak aurrera ateratzeko, eta ikasle guztiek euskara maila berdintsua eduki beharko dute. Euskara ikasle langabeak Langabeen batzordearen proposamenetik abiatuta, udalak udazkenerako ere martxan jarri zuen langabeentzako euskara ikastaroa, baina Irune Balentziagak Kultura zinegotziak azaldu duenez, ezin izan diete dohainik eskaini, ordenantza fiskalek oztopatzen zizkielako. Hala ere, hainbat aldaketa egitea lortu dute, eta ikastaro horietan parte hartu duten gehienei ordaindutakoaren %100 bueltatu zaiela gaineratu du. Urtarrileko ikastarorako ez dira ordenantzak oztopo izango, eta baldintzak betez gero, ikastaroak doakoak izango dira. Ane Arretxe udal euskaltegiko arduradunak jakinarazi duenez, hamahiru ikasle ari dira parte hartzen eskola horietan, eta abenduaren 20an bukatuko dituzte. Idoia [...]
Errenteria-Oreretako langabeek euskara ikasteko aukera aparta daukate herriko euskaltegietan. Izan ere, Oreretako Langabeen Batzarraren proposamena aintzat hartu du udalak, eta urtarrila eta martxora bitartean ikastaro trinko bat eskainiko du dohainik langabeentzat. Izena emateko epea abenduaren 14an bukatuko da eta udal euskaltegi zein Xenpelar AEK euskaltegian egin ahal izango da.
Langabeek zenbait baldintza bete beharko dituzte ikastaroa doan jasotzeko: Errenteria-Oreretan erroldatuta egotea, langabeak direla frogatzen duen Lanbideren egiaztagiria, eta asistentzia konpromisoa. Gutxienez, eskolen %85etara joan beharko da, eta ez dute onartuko arrazoitu gabeko bajarik. Horietako baldintzaren bat urratuz gero, doan jasotzeko aukera galduko dute.
Bestetik, hamar laguneko taldea osatu beharko da eskolak aurrera ateratzeko, eta ikasle guztiek euskara maila berdintsua eduki beharko dute.
Euskara ikasle langabeak
Langabeen batzordearen proposamenetik abiatuta, udalak udazkenerako ere martxan jarri zuen langabeentzako euskara ikastaroa, baina Irune Balentziagak Kultura zinegotziak azaldu duenez, ezin izan diete dohainik eskaini, ordenantza fiskalek oztopatzen zizkielako. Hala ere, hainbat aldaketa egitea lortu dute, eta ikastaro horietan parte hartu duten gehienei ordaindutakoaren %100 bueltatu zaiela gaineratu du. Urtarrileko ikastarorako ez dira ordenantzak oztopo izango, eta baldintzak betez gero, ikastaroak doakoak izango dira.
Ane Arretxe udal euskaltegiko arduradunak jakinarazi duenez, hamahiru ikasle ari dira parte hartzen eskola horietan, eta abenduaren 20an bukatuko dituzte. Idoia Arbelaitz Xenpelar AEK-ko arduradunaren arabera, bertan hamabi ikasle dabiltza. AEkn dauden ikasleak euskaran hasi berriak dira, eta udal euskaltegikoak, berriz, pare bat urrats aurretik daude.